70 emakume inguru, Domusa Teknik 40 MLKen hirugarren entrenamendu saioan

Ihintza Elustondo 2024ko urt. 13a, 13:47

Gaurko entrenamenduan parte hartu duten korrikalariak, saioari ekin aurretik. (Oier Arregi)

Oihana Azkorbebeitia mendi lasterkari ezagunak gidatuta, Izarraitz aldean barrena hamasei kilometro inguruko ibilbidea egin dute hainbat korrikalarik.

Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketetarako prestatzeko emakumeei zuzendutako hirugarren entrenamendu saioa egin dute gaur goizean. Oihana Azkorbebeitia mendi lasterkari ezaguna aritu da gidari lanetan, eta eguraldi ederrak bultzatuta, 70 emakume inguru elkartu dira gaurko saioan. Gainera, haiekin batera, hainbat gizon ere animatu dira mendian korrika egitera.

Korrikalariak 08:00etan elkartu dira igerilekuaren aurrean. Handik abiatu, eta Izarraitz aldean barrena egin dute ibilbidea; guztira, hamasei kilometro inguru izan ditu. Entrenamendua amaitu ondoren, hamaiketakoa izan da igerilekuaren ondoko lokalean, eta Azkorbebeitiak solasaldi txiki bat eskaini du.

Lehen entrenamendu saioa azaroaren 4an izan zen, bigarrena abenduaren 2an, eta hirugarren saioa izan da gaurkoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide