Datorren astean hasiko da, ofizialki, txotx garaia Euskal Herriko sagardotegietan, baina Añotan gaur ekin diote aurtengo denboraldiari, urtero egin ohi duten irekiera ekitaldiarekin. 14:00etan hasi dute irekiera festa, eta Jon eta Unai Alberdi pilotariak arduratu dira txotxa zabaltzeaz. Ohi bezala, ez da trikiti doinurik falta izan Elosiagako sagardotegian, eta Izer eta Alabier aritu dira bertako giroa alaitzen. Loidisaletxe II.a eta Xebastian Lizaso, berriz, bertsotan aritu dira. Behin txotxa zabalduta, bazkaria egin dute sagardotegian, eta 180 bat pertsona elkartu dira.