Asteburu gazia Lagun Onaken taldeentzat

Ihintza Elustondo 2024ko urt. 14a, 19:22

Lagun Onakeko gizonen partida baten artxiboko irudia. (Ander Uria)

Lagun Onaken gizonen talde nagusiak 1 eta 2 galdu du Touringen aurka. Emakumeek, bestalde, 1 eta 1 berdindu dute Ondarbeltz Amaikak Mutrikuren kontra.

Lagun Onaken talde nagusiek ezin izan dituzte irabazi aste honetako partidak. Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak gaur eguerdian jokatu du neurketa Mutrikun, San Migel zelaian, Ondarbeltz Amaikak Mutriku taldearen aurka, eta 1 eta 1 amaitu da neurketa. Lehen zatian, Mutrikuko taldea intentsitate handiagoarekin zelairatu da; askoz hobeak izan dira partidako lehen minutuetan. Lagun Onak ez da ondo aritu, ez du lortu jokoan sartzea, eta partida hasi eta berehala egin dute aurkariek lehen gola. Horrebestez, sentipen tristearekin iritsi dira atsedenaldira.

Bigarren zatian zenbait gauza aldatu ditu Lagun Onakek, eta beste talde bat izan da zelaian; bigarren zati guztian nagusi izan da Azpeitiko taldea. Aukera dezente izan ditu Lagun Onakek gola sartzeko; atezainak geldiketa oso onak egin ditu kasu batzuetan, eta beste batzuetan ez dute asmatu Azpeitikoek jaurtiketak egiterakoan. Eta halako batean, 92. minutuan, hainbeste espero zuten gola iritsi da, korner jokaldi batean; Joane Korta izan da goleatzailea. Partida amaitu aurretik, beste aukera garbi bat ere izan du Lagun Onakek, baina berehala amaitu da partida. Puntu gazi-gozoa eskuratuta etxeratu da, beraz, Lagun Onaken emakumeen talde nagusia: izan ere, bi puntu galdu dituzten sentipenarekin etxeratu dira, gauzak hasieratik beste modu batera egin izan balituzte, irabazteko moduko partida zelako gaurkoa. Gaur-gaurkoz, 25 punturekin, sailkapeneko bosgarren postuan da Lagun Onak.

Gizonek galdu

Bestalde, Espainiako Hirugarren Mailako taldeak atzo, larunbata, jokatu zuen aste honetako neurketa. Lagun Onakek Touring hartu zuen etxean, eta ezin izan zuen partida irabazi Azpeitiko taldeak. Izan ere, 1 eta 2 gailendu zen Errenteriako taldeak. Lehen zatian, Touring izan zen nagusi, eta bi gol sartu zituen taldeak; 27. minutuan bata, eta 38. minutuan bestea. Bigarren zatian egin zuen Lagun Onakek neurketako gol bakarra; 50. minutuan, atera bidali zuen baloia Jagoba Erdoziak. Horrenbestez, une honetan, 29 punturekin, sailkapeneko bosgarren postuan da Azpeitiko taldea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide