Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusiak esku hutsik itzuli dira

Mailo Oiarzabal 2024ko urt. 15a, 10:04

Juaristi ISBko taldekideak aurreko astean, La Rodaren kontrako partidaren atarian. (Mikel Otola)

Juaristi ISBk bolada txarra luzatu zuen Zornotzaren kontrako derbian (86-76), eta Domusa Teknik ISBk garesti ordaindu zuen lehen zati eskasa Sevillan (64-60). Junior mutilek, berriz, Euskal Ligara igotzea lortu dute.

Antzua izan da joan den asteburua ere Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusientzat, bai behintzat emaitzei dagokienez. Aurreko asteburuan etxean jokatuta nola, azken honetan etxetik kanpo arituta ere esku hutsik gelditu dira Juaristi ISB eta Domusa Teknik ISB.

Espainiako Zilarrezko LEB ligako euskal derbia jokatu zuten zapatuan Zornotzan (Bizkaia) Teknei Bizkaiak eta Juaristi ISBk, eta Yon Gonzalezek gidatutako taldeak ezin izan zuen bolada txarra eten: etxeko taldearentzat izan zen garaipena (86-76), eta Iraurgikoek erreskadan laugarren porrota jasan zuten. Ondo ekin zion partidari Juaristi ISBk; lehen laurdena aurretik bukatu zuen (23-17), baina atsedenaldira iristerako Zornotzakoak aurretik ziren (49-46); alde handirik atera gabe, baina abantaila handitzen joan ziren etxekoak, haien alde bukatu baitziren bigarren zatiko bi laurdenak ere (18-15 eta 19-15). Mendebaldeko multzoko hamargarren tokian jarraitzen du Juaristi ISBk hamaseigarren jardunaldiaren ondoren. Datorren asteburuan ez da jardunaldirik izango Zilarrezko LEB ligan eta urtarrilaren 28an jokatuko du hurrengo neurketa Azkoiti-Azpeitiko taldeak, etxean, sailkapenean justu atzetik duen Huescaren kontra.

Espainiako LF2 ligan, berriz, lehen zati kaskarra zama gaindiezina bihurtu zen Dmusa Teknik ISBrentzat Sevillan, Gardenstore BTOren kantxan. Andaluziako taldea aise nagusitu zen lehen bi laurdenetan (14-6 eta 27-16), eta horrenbestez, hemeretzi puntuko aldearekin iritsi ziren etxekoak atsedenaldira. Hirugarren laurdenean etorri zen Iraurgikoen erreakzioa (9-22). Markagailuko desabantaila sei puntura murriztuta ekin zioten azken laurdenari Joseba Lizarralde Rubiok zuzendutako emakumeek, baina azken txanpa horretan ez zuten lortu erreakzioa borobiltzea; 14-16 irabazi zuten azken laurdena, baina 64-60 galdu zuten partida. Azken bi jardunaldietan galtzaile izan arren, B multzoko bigarren postuan jarraitzen du Domusa Teknik ISBk. Datorren igandean, hilaren 21n, Azkoitian jokatuko dute Iraurgiko emakumeek hamalaugarren jardunaldiko neurketa, 11:30ean, Robles Força Lleidaren aurka.

Junior mutilak, Euskal Ligara

Maila gorenean ez, baina junior mailan izan du Iraurgi Saskibaloiak zer ospatua joan den asteburuan. Alter Consulting junior errendimendu mailako mutilen taldeak lauko igoera fasea jokatu du Beasainen (Gipuzkoa), eta Euskal Ligara itzultzeko txartela eskuratu du.

Iraurgiren juniorrak indartsu aritu dira Beasainen. Zapatuan, finalaurrekoan, 66-48 irabazi zioten Iraurgikoek Pressing Askatuak A taldeari. Finalean, Arri BKL Oria taldea izan zuten aurrea atzo Alter Consulting ISBkoek, eta partida erabakigarria ere nagusitasunez irabazi zuten, 71-53.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide