Neurriz, aukerak nahieran

Nerea Uranga 2024ko urt. 16a, 10:04

Iazko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia.

Errepidean, mendian, itsasoan... Korrika, bizikletan, igerian... Datozen hilabeteetarako hainbat proba antolatu dituzte Urola Kosta eskualdean, eta baita Azpeitian ere. Zenbaitetarako dortsal guztiak agortuta daude dagoeneko.

Urtea lasterka bukatu zuten hainbat eskualdeko kirolarik, Urtezahar egunean egin ziren probetakoren batean parte hartuz. Hasi berri den urtearen lehen hilabeteetarako ere korrika, bizikletan edota igerian egiteko hainbat proba antolatu dituzte Urola Kostan, eta dagoeneko batzuen datak jakinarazi dituzte, baita izen emateak zabaldu ere.

Urteko aurreneko eskaintza Zestoan izango da, otsailaren 18an Kobaz Koba mendi trailean jokatuko diren Zaldei eta Artzei probekin. Lasterketa horretarako dortsalak, ordea, agortuta daude. Iazko azaroaren bukaeran ireki zuten izen ematea bi proba horietan, eta egun bakarrean bukatu ziren antolatzaileek jarritako 600 dortsalak.

Dortsalak agortuta dituen beste kirol hitzordua maiatzaren 4an Azpeitian jokatuko den Domusa Teknik mendi lasterketa da. Kasu horretan, 40 MLK probaren hirugarren edizioa jokatuko dute, eta 15 MLK lasterketaren lehenengoa. Baterako zein besterako izen emateak iazko azaroaren erdian zabaldu zituzten, eta denbora oso laburrean bukatu ziren 800 dortsalak.

Mendi lasterketak egin nahi dituztenentzat, baina, badira beste aukera batzuk eskualdean: martxoaren 3ko Aiako XIII. Mendi Lasterketa, edota apirilaren 28rako Zarautzen antolatu dituzten 21 kilometrotako Pagoetako mendi lasterketa eta 8 kilometrotako proba mistoa.

Hurbilen dagoen asfaltoko proba datorren hilaren 24ko 39. Zumaiako Herri Lasterketa da. Heldu, gazte nahiz haurrentzako lasterketak prestatu dituzte.

Lasterketak

  • Otsailak 18. Kobaz Koba mendi lasterketa, Zestoan. Bi proba izango dira: Artzei, 15 kilometrokoa, eta, Zaldei, 25 kilometrokoa. Iazko azaroaren 29an zabaldu zuten bi probetarako izen ematea, eta egun horretan bertan agortu ziren 600 dortsalak. Zaldei probako partaideek 09:00etan irtengo dute, eta lau orduko denbora izango dute ibilbidea bukatzeko. Artzei probako lasterkariek, berriz, 09:45ean irtengo dute, eta bi ordu eta hiru ordu laurdenen barruan iritsi beharko dute helmugara.
  • Otsailak 24. 39. Zumaiako Herri Lasterketa, 17:00etan Eusebio Gurrutxaga plazatik irtenda. Izen ematea irekita dago rockthesport.com atarian, otsailaren 19ra bitartean. Bi proba jokatuko dituzte: 10 kilometrokoa bata, eta 5 kilometrokoa bestea. Aurrenekoan parte hartzeko 13 euro ordaindu behar dira, eta besterako 11 euro. Egun horretan bertan haur eta gaztetxoen beste hainbat lasterketa ere jokatuko dituzte. Hona probak eta irteera orduak: 15:45ean, kimuak (1.050 m.), Beheko Plazatik irtenda; 16:00etan, infantilak (2.100m.), Beheko Plazatik irtenda; 16:10ean, kadeteak (2.100m.), Beheko Plazatik irtenda; 16:15ean, benjamin aurrekoak eta benjaminak (300 m.), Saregile plazatik; 17:00etan, helduen 10.200 metroko lasterketa; eta 17:10ean, 5.100 metroko probaren hasiera.
  • Martxoak 3. Aiako XIII. Mendi Lasterketa (Pagoetako natur parkean), 10:30ean irtenda. 14 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek. Izen ematea zabalik dago kirolprobak.com webgunean. Aurrez izena ematen dutenek 18 euro ordaindu beharko dituzte, eta probaren egunean ematen dutenek 25 euro.
  • Martxoak 23. Diego Garciaren oroimenezko 31. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia eta 8 kilometroko lasterketa motza. 16:15ean irtengo dute Azkoititik proba motzeko parte hartzaileek, eta 16:30ean maratoi erdikoek. Rockthesport.com webgunean eman ahal izango da izena Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako nahiz proba motzerako. Maratoi erdirako izen ematearen kostua desberdina izango da federatuta edota federatu gabe dauden korrikalarientzat, baita izena ematen duten epearen arabera ere; hilero izena emateko prezioa igo egingo dute.
  • Apirilak 28. Pagoetako mendi lasterketa (21 kilometro) eta lasterketa mistoa (8 kilometro) jokatuko dituzte Zarautzen, Salbatore Mitxelena ikastolak antolatuta eta 09:45ean irtenda. Bi probetan izena emateko epea zabalik dago rockthesport.com webgunean. 21 kilometroko proban izena emateko 21 euro ordaindu behar dira, eta 8 kilometroko proba mistoan izena emateko bikoteko 20 euro ordaindu beharko da.
  • Maiatzak 4. Azpeitian, III. Domusa Teknik 40 MLK eta I. Domusa Teknik 15 MLK jokatuko dira. Iazko azaroaren 16an ireki zuten bi probetarako izen ematea, eta hamar minututan banatu zituzten antolatzaileek prestatutako 800 dortsalak; 40 MLK proban 550 kirolarik parte hartuko dute, eta 15 MLK lasterketan 250 lasterkarik.
  • Maiatzak 18. IV. Talai Mendi Traila, Orion. 17:00etan hasiko da, Orioko ikastolaren aurretik. 14 kilometroko ibilbidea du probak, eta 1.200 metroko desnibela. Mendi lasterketarako izen ematea kronoak.com webgunean egin beharko da. Izena emateko 22 euro ordaindu beharko dira.
  • Maiatzak 26. Zarautzen, Haimar Zubeldia klasikoa. 150 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte hartzaileek, Zarauztik 08:00etan irtenda. Aurreko astean zabaldu zuten bizikleta proban izena emateko epea, kirolprobak.com atarian. Federatuta dauden kirolariek 45 euro ordaindu beharko dituzte proban parte hartzeko, eta gainontzekoek 60 euro. Martxoaren 31 baino lehen klasikoan izena ematen dutenek Etxeondo maillota jasoko dute opari. Gehienez 800 txirrindularik parte har dezakete.
  • Ekainak 8. Zarauzko 36. Triatloia, 14:00etan hasita. Azaroan ireki zuten probarako aurretiko izen ematea, eta ondoren izena eman zuten kirolarien artean probarako prestatutako 750 dortsalak zozkatu zituzten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide