2024ko Kilometroak Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibak antolatuko ditu. Urriaren 6an izango da Gipuzkoako Ikastolen jai handia, eta Azpeitian egiten den laugarren aldia izango da: 1979an egin ziren aurrenekoz Loiolan; 2000. urtean bigarrenez, Hau da leloarekin; eta 2011n hirugarrenez, Klik lelopean. Laugarren aldi honek eguzki lorea izango du irudi eta Izpiz izpi lelo.
"Aurtengo jaian txikira jotzea erabaki dugu. Ekintza xumeak eta helburu handiak izango ditugu. Horixe da geure buruari esan dioguna: euskara, kulturartekotasuna, aniztasuna eta herrigintza sustatuko ditugula. Kilometro hauen ardatzak elikatuko dituzten prozesu eta ekintzak landu nahi ditugu", azaldu dute arduradunek.
Hala, lehen ekintza xumea baina helburu handia duena haurren danborradan ikusteko aukera izango dute herritarrek: Azpeitiko kaleetan barrena txikienek egingo dituzten metroetan Kilometroak eginez. Horretarako, batetik, bi zutoihal edo estandarte prestatu dituzte banderadunaren ondoan eramateko, eta bestetik, danbor jotzaileek zapi bereziak eramango dituzte.
"Azkenean, urtean zehar antolatuko diren ekintzetan eta sor daitezkeen proiektu berrietan hiru ardatzek euren lekua izan dezaten nahi dugu, barrura naiz kanpora begira egingo diren ekintza denetan. 2024ko Kilometroak jaiaren logoa den eguzki lorea erabiliko dugu horretarako, eta sansebastianen kasuan hori da egingo duguna; eguzki lorea txertatu zutoihaletan eta zapietan", adierazi du Ikasberriko Kilometroak 2024ko koordinatzaile Gorka Besgak.