LF2ra igotzea lortu zuen Zurt ISB taldea omenduko du Iraurgik igandean Azkoitian

Mailo Oiarzabal 2024ko urt. 17a, 11:32

Zurt ISB, igandean omenduko duten taldea. (ISB)

Domusa Teknik ISBk LF2ko bigarren itzuliko lehen partida jokatuko du han Lleidaren kontra, 11:30ean. Ate irekiak izendatu dituzte iganderako, taldeak "jendearen berotasuna" antzeman dezan.

50. urteurreneko ospakizunen barruan, Iraurgi Saskibaloiak urteko lehen jardunaldiarekin ekin zion talde nagusien etxeko partidetan klubaren historian esanguratsuak izan diren pertsonak eta taldeak omentzeari. Emakumeen zein gizonen talde aitzindariak izan ziren aurreneko omenduak, baina Juaristi ISBk zein Domusa Teknik ISBk denboraldia bukatu bitartean etxean jokatuko dituzten partida guztietan egingo dituzte aitortza ekitaldiak.

Horrela, datorren igandean, 2015ean LF2ra igotzea lortu zuen taldea omenduko dute Azkoitiko Elkargunean, Domusa Teknik ISBk Robles Força Lleidaren kontra jokatuko duen partidan (11:30). Maitane Gurrutxaga, Intza Lizarazu –Domusa Teknik ISBren egungo kapitaina–, Itsaso Astigarraga, Irati Etxeberria, Garazi Arregi, Ane Goenaga, Aitziber Besga, Naroa Uria, eta Maite Lizarazu jokalariak, eta Jose Ignacio Acosta eta Joseba Lizarralde Rubio –egungo taldearen ere entrenatzaile dena– dira omenaldia jasoko dutenak. LF2rako txartela lortu, baina gorabehera administratiboak tarteko, azkenean LF maila nagusian jokatu zuten hurrengo denboraldia Iraurgiren emakumeek.

Ate irekiak izendatu ditu Iraurgik iganderako, taldeak "jendearen berotasuna" antzeman dezan. LF2ko B multzoko bigarren itzuliari ekingo diote Iraurgikoek igandean, eta azken bi jardunaldietako porrotei buelta emateko asmoarekin kantxaratuko dira Rubioren emakumeak. Ligako lehen jardunaldian, Lleidan, galdu egin zuen Domusa Teknik ISBk; ondoren garaipen erreskada luzea kateatu eta sailkapenaren bigarren posturaino igo zen, eta han jarraitzen du, azken bi neurketak galdu arren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide