G ogoan ditut oraindik nire lehen pausoak danborradan. 8 edo 9 urte izango nituen lehenbizikoz parte hartu nuenean. Danborra jotzen ez nuen irten, sukaldeko tresneriak eramaten baizik: sardexka edo koilara, baina berdin-berdin egin genituen entseguak. Oargik antolatzen zuen festa hura, eta gaur egun, San Martin egoitza den eraikinaren azken solairuan egiten genituen entseguak.
Handik urte batzuetara, kuadrillakook taldea sortzea erabaki genuen. Eperra tabernaren eskutik irten ginen arren, arrantzalez jantzi ginen, eta une hura izan zen Ardozaleak taldearen sorrera. Ondorengo urteetan sortu genuen Ardozaleak elkartea, eta elkarteko hainbat kide Donostiara joan ginen jantziak osatzera: Napoleoi gorriak. 50 urte igaro dira ordutik. A zer abiada! Iaz jaso genuen urte horien guztien gorazarrea, azpeitiarren eta udalaren omenaldiarekin. Hunkigarria izan zen udaletxeko balkoira igo eta plaza bete-beteta ikustea. Nork esango zidan 8 urte nituenean Azpeitiko plaza leporaino beteta ikusiko nuela danborrada batean? San Martin eraikineko entsegu haiek Azpeitiko San Sebastian festen hasierako uneak izan ziren, eta inoiz ez nuen pentsatu gaur egungo festa bilakatuko zirenik.
Sansebastianak urteko nire egunik eta festarik gustukoenak dira; dudarik gabe, gainera. Azpeitiko kaleetan zehar danborrada eta sokamuturra ikustea pozgarria da niretzat. Azpeitia sansebastianak dira.