Sansebastianak 2024

Mutrikuar bat danborradan

Idoia Eguren Landa (Etxera taldeko kidea) 2024ko urt. 19a, 08:36

Idoia Eguren Landa.

Idoia Eguren Landa Etxera taldeko kideak honako iritzi artikulu hau idatzi du Uztarriak sansebastianen harira kaleratu duen gehigarri berezirako.

Apirilean lau urte beteko dira Mutrikutik (Gipuzkoa) Azpeitira bizitzera etorri nintzela, pandemian sartu eta segidan, beraz; kasualitatez edo ez, Olatz auzora, Mutrikun ere badaukagu-eta Olatz auzoa. Eta hori bakarrik ez: Mutrikun ere badaukagu danborra, Malen jaietan helduena, eta Kalbario jaietan umeena eta jubilatuena. Beti parte hartu izan dut haietan, saxofoia eskuetan, herriko bandarekin.

Eta Azpeitian ere, aukera sortu zitzaidan lehenengoan parte hartzea erabaki nuen. Lehenengo bi urteetan ez, pandemia tarteko ez zelako danborradarik egin; baina iaz, bai. Aukera handirik ere ez nuen izan: danborradan irten eta jaia barrutik bizi, edo kanpoan gelditu gogoarekin. Eta noski, barrura, bi bider pentsatu gabe! Etxera taldearekin irten nintzen iaz, Etxera taldearekin irtengo naiz aurten, eta Etxera taldearekin irteteko asmoa dut aukera izaten dudan guztietan, jada etxekoak baitira niretzat, eta beraiekin irudikatzen baitut momentu hori. Eta aurten iazkoaren erdia gozatzen badut, nahikotzat joko nuke.

Aitorpenekin hasita, eta neure burua bihar bertan herritik botatzeko arriskuan arren, esan beharra daukat sansebastianak ez direla gehien markatu nauten jaiak, baina ezin dut ukatu iazkoan ikaragarri disfrutatu nuenik, lagunez inguratuta danborra jotzen irtete hor oso ederra baita. Afaria, kaleko momentuak, geroko parranda... ezingo nuke une bakar bat aukeratu, bat bestea gabe motz geldituko litzatekeelako. Eta azpeitiar sentipenari dagokionez, nire azentuarekin ez dut uste benetako azpeitiar izatera sekula ailegatuko naizenik, baina badira momentuak paper horretan sartzen naizenak. Hori bai, nahiz eta urteren batean Etxera taldetik kanpo geratzeak pena handia emango lidakeen, are pena handiagoa hartuko nuke urterourtero taldearekin irten den norbait kanpoan geratzeak, eta kasu horretan, herritarrei tokia uztea besterik ez litzaidake geldituko. Aurtengoan, ordea, hor izango naiz, eta falta direnekin ahaztu gabe, zoragarri pasatu dezagula denok!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide