Sormen egonaldietan izena emateko urteko lehen deialdia ireki du Kulturazek

Mailo Oiarzabal 2024ko urt. 18a, 10:23

Ainhoa Alberdik, Maider Lasak eta Amaia Irazabalek 2023an egin zuten sormen egonaldia Dinamoan. (Kulturaz)

Kultur kooperatibak Dinamoan aukeran jartzen dituen hiru egonaldi moldeetako edozeinetan interesa duten sortzaileek urtarrilaren 28a arte eman dezakete izena.

Urte berriarekin batera ireki du Kulturaz kooperatibak sormen egonaldien deialdi berria, proiektu bat esku artean duten eta hori garatzeko espazioa, denbora zein baliabideak behar dituzten sortzaileei zuzenduta. Urtean horrelako bi deialdi egiten ditu Kulturazek, eta honako hau da 2024ko lehendabizikoa. Interesa duen sortzaile orok urtarrilaren 28a arte eman dezake izena, eta hilaren 31n jakinaraziko du kultur kooperatibak lehen deialdiaren ebazpena, egonaldiak egiteko aukeratu dituztenen izenak, alegia.

Soreasuko Dinamoa sormen gunearen espazioak jarriko ditu aurten ere sortzaileen esku Kulturazek egonaldietarako, eta hiru egonaldi mota jarri ditu aukeran. #Harri izenekoa, edo egonaldi osoa, edozein arte diziplinatan "bakarka zein kolektiboan asmo bati sormen prozesu sakon bat eskaini nahi dionarentzat" pentsatuta dago. "Prozesuaren edozein fasetan egonik ere denbora eta arreta zaindua eskaini nahi dutenen eskura baliabideak nahiz babesa eskaintzea" da asmoa, eta zazpi eta hamabost egun bitarteko egonaldia egiteko aukera eskainiko du Kulturazek formatu honetan, hainbat baliabiderekin batera –lotarako lekua eta otorduak, tartean–. Formulario hau bete behar dute #harri egonaldia egiteko eskaera aurkeztu nahi dutenek. #Orri edo egonaldi sinpleak, berriz, "modu errazean sormen proiektu bati denbora, lekua eta baliabideak eskaini asmoz egonaldi malgu bat egin nahi duen norbanako sortzaile eta kolektiboei zuzenduta" dago. 15 eta 90 egun arte iraun dezake egonaldi mota honek, eta izena formulario honetan eman behar da. Antzerki sorkuntzara bideratutako #ar egonaldiek osatuko dute sormen egonaldien eskaintza. "Euskarazko antzezlan bat landu asmo duen antzerkigile orori zabaldutako deialdia" da hori, gutxienez astebeteko eta gehienez bi asteko egonaldia egin ahalko dute aukeratuek Dinamoan, eta sormen gunearen Gorputzaren eremua ez ezik, Soreasu antzokia ere erabili ahal izango dute. #Ar egonaldietarako izena formulario honetan eman daiteke.

Egonaldi bakoitzaren ezaugarri eta xehetasun guztiak Dinamoaren webgunean irakur daitezke. Informazio gehiago jaso edota zalantzak argitu nahi dituztenek, berriz, dinamoa@dinamoa.eus helbidera idatzi edo 674 16 56 82 telefonora dei dezakete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide