2020ko urtarrilaren 19a zen. Nire lehen sansebastianak alkate naizenetik. Balkoira atera, eta behean plaza betebetea. Ehunka herritar danborra jotzen eta beste hainbeste begira. Bandera igotzen hasi nintzen, eta a zer sentipena! Oraindik gogoan dut nolako zirrara sentitu nuen une hartan. Zaila da deskribatzen. Taupadak azkartuta, eta erabateko poza eta hunkidura.
Hurrengo bi urteetan, pandemiagatik, ez genuen sansebastianak behar den bezala ospatzerik izan, baina iaz berriro ere lehertu zen festa. Eta berriro ere sentipen berberak. Nola ez, desiratzen nago aurten ere danborradaren hasiera iragartzen duen txistua entzuteko. Hirugarren aldia izango dut banderaren igoeran eta jaitsieran, baina badakit berriz ere hunkituko naizela.
Beti izan dira nire festa gustukoenak, eta ez da danborra jotzen atera izan naizelako. Hiruzpalau aldiz bakarrik aterako nintzen, urte askoan tabernan lan egitea tokatu baitzait gau horretan. Herritik kanpo ere bizi izan naiz beste urte batzuetan. Urte horietan, San Sebastian bezperan eta egunean, inoiz baino gehiago akordatzen nintzen Azpeitiaz, herriarekiko lotura berezi bat sentitzeraino.
Ez dakit zer, baina badute zerbait sansebastianek. Harrapatzen nauen zerbait. Beharbada, aniztasuna. Era askotako herritarrek parte hartzen dute danborradan. Bestelako ekitaldietan gutxi ikusten duzun jendea ere ateratzen da egun horretan.Herritik kanpo bizitzen urteak eta urteak daramatzatenak ere etortzen dira, eta ia-ia hurrengo sansebastianetara arte agurtuko dituzu kalean haiekin elkartzen zarenean. Talde batzuetan, badakizu bakoitza zer ilaratan joango den. Eta norbait ez badago, zer gertatu ote zaion galdetuko diozu zeure buruari.
Hala ere, San Sebastian bezperan eta egunean ez ezik, esango nuke aurreko egunetan ere giro berezia egoten dela herrian. Alaiagoa. Balkoietan banderak, erakusleihoak apainduta, jendea entseguetara joateko gogotsu. Zer esan umeen danborradaz ere. Zenbat ilusio transmititzen duten ateratzera doazen une horretan, zer urduritasun aurreko orduetan.
Sansebastianez gozatzeko esango nieke herritarrei. Horrekin batera, eskerrak eman nahiko nizkieke festa hauek egin ahal izateko lanean ari diren herriko eragile guztiei.