Urola Erdiko errepide sareari buruzko hainbat azterketa tekniko egiteko "konpromisoa" adierazi die Maria Ubarretxena Bide Azpiegituren foru diputatuak bailarako erakundeetako eta enpresetako ordezkariei.
Ubarretxena eta Mikel Uribetxeberria departamentuko zuzendaria Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako alkateekin –Nagore Alkorta, Ana Azkoitia eta Mikel Arregi–, Iraurgi Berritzeneko zuzendari Begoña Beobiderekin eta bailarako eragile sozioekonomikoen ordezkariekin –Biele Group-eko Naiara Aldazabal eta Grupo Sein-eko Marian Etxeberria– elkartu ziren atzo. Bilera horretan, Elkarrekin Urola Erdia Eraldatzen 2022-2027 hausnarketa estrategikoan bide azpiegituren gainean jasotako hainbat kontu jarri zituen mahai gainean Urola Erdiko ordezkaritzak. 76 eragilek parte hartu zuten hausnarketa prozesu horretan, eta Iraurgi Berritzen garapen agentziaren arabera, besteak beste, "bide azpiegitura sistema hobetzeko beharra ondorioztatu" zuten. Iaz, errepide sareak "eskualde ikuspegitik behar dituen egokitzapenak nahiz hobekuntzak aztertzeko" batzorde bat eratu zuten, udaletako eta enpresetako ordezkariekin. Batzorde horrek errepide azpiegiturak hobetzeko hainbat eskaera egin zituen; beste batzuekin batera, Zumarragara zein Zestoako A-8 autobidera joateko errepideak hobetzeko "hainbat azterketa tekniko" egiteko eskatu zuen batzorde horrek.
Atzoko bileran, eskaera horiek kontuan hartuta, errepide sarea hobetzeko neurriak eskatu zizkieten bailarako ordezkariek foru aldundikoei. Azken horiek eskatutako azterketa teknikoak egingo dituzteka adierazi zuten bileran, eta azterketen emaitzak ekainean egingo duten hurrengo batzarrean azaltzekotan gelditu ziren.