Nola izan da Itzira hartu eta Naiz sortzeko prozesua, hau da, ideiatik errealitate izan artekoa?
Azaroan negozioa uzteko asmoa zuela jakin nuen uda aurretik, eta abuztuan berekin hitz egin nuen; zein zuen asmoa jakiteko edota saltokia aurrera eramateko norbait ba al zuen jakiteko. Inor ez zuela esan zidan, eta ez bazuen inor bilatzen edo aurkitzen, Itzira itxi egingo zuela. Hala, aukera bat zatekeela pentsatu nuen, izan ere, neure negozioa izandakoa naiz 16 urtez, eta banuen berriro gogoa neure negozioa izateko. Baina gaur egun ez da erraza zehaztea zer-nolakoa izan daitekeen, eta zaila ikusten nuen. Itziraren kasua agertu zitzaidanean, ordea, garbiago ikusi nuen; martxan zegoen, ez zen hutsetik hastea, ni neu ingurukoa naiz eta bezeroak bazituela ikusten nuen… Animatu egin nintzen!
Enpresa plana garatu zenuen edota formakuntzaren batean parte hartu zenuen?
Negozioa hartzea erabaki nuenean Iraurgi Berritzen garapen agentziara jo nuen, iraila zen, eta ez nuen planik edota formakuntzarik egin. Aldiz, bideragarritasun plana egiten lagundu zidaten, eta aukera erreala zela ikusi genuen. Ikaragarrizko laguntza izan da Iraurgi Berritzen, eskualdaketa bat izatean nola kudeatu behar argitu zidaten. Azkenean, izapidetza eta kudeaketa asko egin behar dira, eta Iraurgi Berritzenek eskaintzen duen laguntzarik gabe, ez dakit egiteko gai izango nintzatekeen.
Zein oztopori, beldurri, aurre egin behar izan diezu?
Kafetegiko ofizioa ez nuen ezagutzen. Aurretik izandako negozioa ez zen horrelakoa, ez zen kafetegia, denda baizik. Beste dinamika bat eramaten da bi saltoki mota hauetan, saltoki normala lasaiagoa da, izan ere, hemen, kafetegia izatean, martxa gehiago dago. Horrek kezkatzen ninduen. Era berean, herritarren edo jendearen erantzunak ere kezkatzen ninduen, ea jabe aldaketak eraginik izango zuen: jarraituko ote zuten etortzen edo ez. Orokorrean bi gai horiek ziren gehien kezkatzen nindutenak.
Hilabete bakarrik daramazu zabalik, baina positiboa al da orain arteko balorazioa?
Ona, balorazio positiboa da oraingoz. Jendeak oso harrera baikorra egin digu, eta zain zegoela esango nuke. Aurreko jabeak azaroan itxi zuenetik, hamar egunez itxita izan genuen obra txiki bat egiteko, eta irekiera pozik hartu zuten ondoren. Azkenean, auzoetan behar dira horrelako negozioak, kafetegiak eta dendak uztartzen dituenak. Horrez gain, ni neu ere ohitzen ari naiz poliki-poliki.
Lehenagotik irekita zegoen saltokia zen. Aldaketarik edo berrikuntzarik egiteko intentziorik ba al duzu? Obra txiki bat egin duzula esan duzu. Zer da eskaini nahi duzuna?
Lokala eraberritu dugu, aktualizatu, argiteria eta dekorazio aldetik, batik bat. Hasiera honetan, aurreko jabeak zituen produktuak mantenduz zabaldu dut, baina nire asmoa bada bertako produktuen aldeko apustua egitea. Ahal den heinean behintzat. Hemengo eta inguruko markak eta produktuak sartzen ari naiz pixkanaka, eta gehiagora joatea espero dut. Kalitatezko produktuak eskaintzea nahiko nuke. Horrekin batera, kafetegiko zerbitzuan ere, hobekuntzak egin nahi ditut, eta gosarietarako aukera zabala eskaini: tostadak, pintxoak... Azkenik, gertuko tratua eskaintzea nahi dut, Naizera sartzen den bezeroak gertutasuna eta gustura sentitzea.
"Hemengo eta inguruko markak eta produktuak sartzen ari naiz pixkanaka, eta gehiagora joatea espero dut. Kalitatezko produktuak eskaintzea nahiko nuke"
Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?
Abantailak garbiak dira niretzat: nire modura edo nahi dudan bezala antolatu dezaket lana. Ordutegi bat mantendu behar den arren, nire erara antolatu dezaket, nire gainetik inor ez dago. Ardura guztia ere nik dut, eta beraz, arduratsua izan behar zara. Baina, hori ere, alde positiboa da. Gainera, motibazio gehiagorekin egiten duzu lana, zurea delako. Hobetzeko gogoz eta aukeren bila zabiltza beti. Desabantailei dagokienez, berriz, arazoak etxera eramaten dituzula da nagusiena, eta hortik deskonektatzen ikastea zaila da. Hala ere, abantailak gehiago dira desabantailak baino. Aurrez izandako dendarekin ezingo nuke konparaketarik egin, urte asko igaro dira, saltoki estilo desberdinak dira… Neu re aldatu egin naiz, esperientzia gehiago dut jendearekin harremanak egiterakoan. Beraz, bi elkarteen arteko balorazioa egitea ez da erraza.
Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak? Zer aholku emango zenioke enpresa sortzera doan ekintzaileari?
Lanerako gogoa behar du, are gehiago, pasioa egiten duzunerako. Egoera desberdinetara egokitzen jakiteko gaitasuna ere funtsezkoa ikusten dut, gora behera asko izaten dira horrelako negozioetan: orain jende pila bat dabil, baina hurrengoan ez da inor sartzen, eta fakturak berdin-berdin ordaindu behar dituzu. Horregatik, pentsamendu positiboa edo baikorra izan behar duzu, jarraitzeko gogoa izan dezazun. Arduratsua ere izan behar zara zure buruarekin, eta besteekin. Azkenik, pazientzia esango nuke beharrezkoa dela. Hala ere, nik ekintzaile izatera animatuko nituzke herritarrak. Egia da kudeaketa eta izapide asko egin behar direla aurreko lan horietan, eta horrek gogoak ken ditzake, baina aurrera egiteko esango nieke. Gainera, Iraurgi Berritzenen laguntza jasoko dute. Beraz, animatu!
Zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?
Gustuko ditudan, bertako eta gertuko produktuak sartzen jarraitu nahi dut, aldaketa nagusia hor egin nahi dut. kafetegiko eskaintza zabaltzea ere nahiko nuke; tostadak eta pintxoak izanik oinarriak. Eta jendearekin pentsatuz gero, haientzat gertukoa eta atsegina izango den lekua bihurtzea Naiz. Bost minutu edo hamar izan, bezeroa gustura egongo den txokoa izatea nahi dut Naiz.
Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.