Sansebastianak 2024

Ikastetxeetako atariak danbor hotsez bete dituzte

Maialen Etxaniz, Gorka Eizagirre eta Nerea Uranga 2024ko urt. 19a, 17:36

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin eta Iraurgi Ikastetxean arratsaldean egin dituzte San Sebastian bezperako ikasleen danborradak. Eguraldi hotza izan badute ere, danbor hotsez bete dituzte ikastetxeen atariak eta inguruak.

San Sebastian bezperako Azpeitiko lehen danbor hotsak herriko ikastetxeetan entzun dira gaur, San Sebastian bezperaz. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin eta Iraurgi Ikastetxean festa izan da nagusi gaur arratsaldean.

Karmelo Etxegaraiko Haur Hezkuntzakoena izanda ikasleen danborrada goiztiarrena. 15:45ean hasi dute jaia, baina Euskal Herria kaleko eraikineko jolastokiko lanak direla eta, ez dute han egin; auzoko etxeetako plazatxoan egin dute txikienek danborrada. Lehen Hezkuntzako ikasleen danborrada, berriz, Perdillegiko eraikinean egin dute 16:15ean hasita.

Ikasberrin ere Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek egin dute danborrada arratsaldean ikastolaren atarian; kasu honetan, 16:00etan hasi dute danborrada.

Iraurgin, berriz, 16:15ean hasita egin dute ikasleen danborrada, Betharram eraikineko jolastokian. Kasu honetan, ikasleez gainera, irakasleek nahiz Goienetxe fundazioko hainbat kidek parte hartu dute danbor festan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide