Ordu gutxi batzuk baino ez dira falta aurtengo sansebastianei hasiera emateko, eta dagoeneko jai giroa nabaria da herrian. Soziedadeetan afaria prestatzeko lanetan buru-belarri ari dira, batzuetan elkarteetako kideak eurak, besteetan catering zerbitzuetako langileak, gainontzekoak poteoan dabiltzan bitartean. Ile apaindegietan ere egun mugitua izan dute gaurkoa; kantinerak eta banderadunak apain-apain jartzen aritu dira arratsalde guztian, eta dagoeneko prest dira haietako gehienak. Eta herriko plaza, urtero bezala, era guztietako aldarrikapenen zelai bihurtu da dagoeneko.
Aurki, 19:00ak bueltan, joango da bakoitza bere txokora afaltzera, 22:00etarako danborrak eta barrikak soinean, talde bakoitzak dagokion lekuan fin egon beharko baitu. Orduan hasiko da igande iluntzera arte luzatuko den festa.