Atzo gauean bezala, gaur ere eguraldi hotzarekin esnatu dira Azpeitian, eta sansebastianak etenik gabeko jaiak izanik, Ardozaleak eta Gure Ametsa danbor taldeen, Izarraitz txistulari taldekoen, Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroen eta Azpeitiko Musika Bandakoen danbor hotsekin eta doinuekin hasi dute festa egun handia.
Aurrena, Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek kalejira egin dute plazatik hasita, eta horiek Udal Musika Bandako musikariak eta Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroak izan dituzte lagun. Bi danbor taldeek ohiko ibilbidea egin dute herriko kaleetan barrena. Jarraian, Azpeitiko udal ordezkariekin batera, Elizkaletik barrena Sebastian Donearen parrokiara joan dira. Gero, San Sebastianen irudiarekin parrokiatik irten eta Alde Zaharreko kaleetan prozesioa egin dute.
10:45ean, bestalde, meza nagusia hasi da. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek eta Musika Bandak San Sebastian martxa jo dute parrokiaren barruan, eta hura bukatu ondoren hasi da elizkizuna. Julian Barrenetxea abesbatzak eta Azketa ahots taldeak parte hartu dute mezan, eta Ignacio Arakistain arduratu da elizkizunean organoa jotzeaz, Jose Luis Franzesena ondoan zuela.
Goizeko ekitaldiez geroztik ere izango da zertaz gozatu gaurkoan Azpeitian. Hemen egitaraua:
- 12:00. Sokamuturra, Erdikaletik aterata, plazan.
- 12:30. Arana kaletik eta Artzubia hiribidetik aterata, umeen danborrada. Kalez kale ibiliko dira hamar taldeak, eta plazan bukatuko dute ekitaldia. Danbor taldeekin batera aterako da karroza. Aurtengoa ere Aitor Expositok egin du, Trikitia gai hartuta.
- 16:30. Sokamuturra, Erdikalean hasita. 20:00etara bitartean ohiko ibilbidea egingo du sokamuturrak.
- 23:15. Bandera jaitsierako danborradaren hasiera. Bustinzuriko Errebaletik abiatuko dira jaitsieran parte hartuko duten zazpi taldeak.
- 00:00. Banderaren jaitsiera plazan. Udal Musika Bandak joko ditu danborradako piezak, zuzenean.