Gaur, San Sebastian eguna izanik, goizean goizetik sansebastianetako doinuak nagusitu dira Azpeitian. Ardozaleak eta Gure Ametsa danbor taldeen, Izarraitz txistulari taldekoen, Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroen eta Azpeitiko Musika Bandakoen danbor hotsekin eta doinuekin hasi dute herritarrek festa egun handia.
Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek kalejira egin dute plazatik hasita, eta horiek Udal Musika Bandako musikariak eta Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroak izan dituzte lagun. Jarraian, Azpeitiko udal ordezkariekin batera, Elizkaletik barrena Sebastian Donearen parrokiara joan dira. Gero, San Sebastianen irudiarekin parrokiatik irten eta Alde Zaharreko kaleetan prozesioa egiteko.
Meza nagusia 10:45ean hasi da. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek eta Musika Bandak San Sebastian martxa jo dute parrokiaren barruan, eta hura bukatu ondoren hasi da elizkizuna. Julian Barrenetxea abesbatzak eta Azketa ahots taldeak parte hartu dute mezan, eta Ignacio Arakistain arduratu da elizkizunean organoa jotzeaz, Jose Luis Franzesena ondoan zuela.