Lagun Onakek badu Mikel Etxaburu Pixki-ren ordezkoa. Klubak atzo iluntzean jakinarazi zuenez, Jose Luis Ribera azkoitiarrak hartuko du Azpeitiko futbol klubaren gizonen talde nagusiaren gidaritza. Zelaian azken urteetako emaitzarik onenak lortzen ari da Hirugarren Mailako taldea; aulkian, ostera, gorabehera handiko denboraldia izaten ari da, bost hilabetean hirugarren entrenatzailearekin.
Iban Fagoaga berarra (Nafarroa) gidari zuela ekin zion denboraldiari Hirugarren Mailako taldeak. Azaroaren bukaeran, ordea, ezustean eta ia egun batetik bestera, Mexikoko lehen mailako Atlas FC taldean Beñat San Jose entrenatzaile donostiarraren laguntzaile aritzeko proposamen jaso zuen, "uko egin ezin zaion horietakoa". Egun gutxira, Mikel Etxaburu Pixki ondarrutarrak (Bizkaia) hartu zuen haren lekukoa, baina ez luzerako. Klubak asteburuan jakinarazi zuen, "egoera pertsonala tarteko", Etxaburuk taldea utzi egingo zuela. Orain, Riberak hartu du haren testigua.
Azkoitiarrak ibilbide luzea du futbolean, bai jokalari gisa, baita entrenatzaile ere. Realaren harrobian bidea hasi, eta 1984-1985ean lehen taldearekin egin zuen debuta. Hainbat talde igaro eta gero, Coruñako Deportivon bukatu zuen jokalari ibilbidea, 1990eko Super Depor taldea entzutetsuarekin denboraldi gogoangarriak egin eta gero.
Entrenatzaile ibilbidea ere Realaren beheko kategorietan hasi zuen azkoitiarrak, eta ondoren, Azpeitiko taldearen gidaritza hartu zuen; Garmendipeko zelaia, beraz, aspalditik eta ondo ezagutzen du Riberak. Harrezkero, Eibarko bigarren entrenatzaile eta Real Unioneko entrenatzaile jardun du, besteak beste, eta atzotik, bueltan da berriro.