San Martin egoitzako langileek plazara eraman dute protesta

Nerea Uranga 2024ko urt. 23a, 12:14

San Martin egoitzako langileek gaur plazan egin duten elkarretaratzea. (Nerea Uranga)

San Martin egoitzatik langile bat bat-batean kaleratu izana salatzeko, eta kaleratutako beharginari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute egoitzako langileek, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek eta hainbat herritarrek. Azpeitiko alkatea da San Martin egoitza patronatuko lehendakaria, eta udalari auziaz hitz egiteko bilera eskatu diote.

San Martin egoitzako langile baten bat-bateko kaleratzea salatzeko mobilizazioekin jarraitzen dute egoitzako langileek. Gaur, 11:00etan, udaletxearen aurrean elkarretaratzea egin dute egoitzako hainbat langilek, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek nahiz hainbat herritarrek. San Martin egoitzaren patronatuko lehendakaria Azpeitiko alkatea dela, eta udalari biltzeko hitzordua eskatuta dutela azpimarratu dute egoitzako langileen ordezkariek. "Sansebastianak tarteko, egun nahiko zelebreak egokitu dira, baina egoitzako bat bateko kaleratzearen inguruan hitz egiteko udalari bilera eskatuta dugu, eta erantzunaren zain gaude", adierazi dute gaur goizean egindako elkarretaratzean. Uztarriak udalari galdetu dio egoitzan izandako kaleratzeaz, eta Nagore Alkorta alkateak hedabidearei adierazi dio egoitzaren "barne antolaketako erabaki bat" izan dela: "Egoitzaren zuzendaritzak azterketa globala egin du, eta hortik ateratako erabakia izan da".

Mobilizazioak iraun duen bitartean, lankidearen kaleratzearen nondik norakoak azaltzen zituen oharra banatzen aritu dira handik pasatzen ziren herritarrei. Egoitzako langileen ordezkarien arabera, urtarrilaren 12an lankide bat kaleratu zuen egoitzaren zuzendaritzak, "egun batetik bestera, legeak agintzen duen hamabost eguneko aurreabisurik eman gabe". Azaldu dutenez, zuzendaritzak langileari "prestakuntza falta" egotzi dio kaleratzeko argudio gisa. "Kaleratu duten langilea egoitzan garbiketa lanetan hasi zen, eta gero, mantentze lanetan jarduten zuenak erretiroa hartu zuelako, haren postua eskaini zioten orain dela zortzi urte. Ordutik, mantentze lanean jardun da, eta zortzi urteetan inolako prestakuntzarik ez diote eskatu, eta ez du horren beharrik izan». Gainera, esan dutenez, zuzendaritzak ez dauka lanpostu hori kentzeko edo desagerrarazteko asmorik. "Kaleratutako langilea beste batek ordezkatuko du, dagoeneko Matia Fundazioko langilea den batek".

Hain zuzen ere, iazko irailetik Matia Fundazioak kudeatzen du San Martin egoitza. Aurrez, urtebete pasatxoan, 2022ko ekainetik iazko irailera artean, GSR enpresak zuen ardura hori, eta kudeatzailea aldatzearekin batera, Azpeitiko egoitzako zuzendaritzan ere aldaketak izan dira. "Gogorrak izaten ari dira azken urteak zaintza sektoreko langileontzat, ratioek itotzen gaituzte, soldatek ez digute eros ahalmena bermatzen, San Martinen aldaketa asko bizitzen ari gara kudeatzaile aldaketekin, eta orain, kaleratze hau etorri da". Haserrea sortu du horrek egoitzako gainontzeko langileengan: "Ez dugu ulertzen zertara datorren kaleratze hau". 

Zuzendaritzaren jarrera salatzeaz gainera, kaleratutako lankideari "erabateko babesa" adierazi nahi diote mobilizazioekin. "Horrelako gertaeren aurrean, elkar babestu eta enpleguaren defentsa egitea tokatzen zaigu, orain bat izan den bezala, hurrengoan beste edozeini tokatuko zaiolako". Egoitzako langileen ordezkariek garbi adierazi dute ez dutela onartuko "zuzendaritzaren inolako erasorik", eta kaleratutako lankidea berriz bere lanpostura itzultzeko beraien esku dagoen guztia egiteko prest daude.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide