Atzo jakinarazi zituzten aurtengo Oscar sarietarako hautagaiak, eta zerrenda horretan ageri diren bi film ikusteko aukera izango da asteburuan Soreasu antzokian.
Igandean, 16:30ean, Robot Dreams emango dute; Pablo Berger bilbotarrak zuzendutako lana animaziozko film onenaren Oscar saria jasotzeko lau hautagaietako bat da, eta sail bereko film onenaren saria eskuratu du Europako Zinemaren sarietan. Sara Varon idazlearen eleberri grafikoan oinarritutako filma da Bergerrena, eta hau da haren sinopsia: "Dog Manhattanen bizi den txakur bakartia da. Egun batean, robot bat egitea erabakitzen du, bere lagun izan dadin. 80. hamarkadako New York hartako erritmoan hazten da beraien adiskidetasuna. Udako gau batean, Dog-ek pena handiz utzi behar izango du robota hondartzan".
Los que se quedan (Alexander Payne, 2023, AEB) filma, berriz, bost Oscar saritarako izendatu dute: film onenaren sarirako, gizonezko aktore onenaren sarirako (Paul Giamatti), taldeko emakume onenaren sariko (Da'Vine Joy Randolph), jatorrizko gidoi onenaren sarirako (David Gemingson) eta muntatze onenaren sarirako (Kevin Tent). Soreasun, igandean 19:00etan eta astelehenean 21:00etan emango dute Los que se quedan, eta hau da filmaren sinopsia: "Paul Hunham AEBetako ikastetxe ospetsu bateko irakasle ipurterreak campusean egon behar du Gabonetako oporretan, nora joan ez duten ikasle batzuk zaintzeko. Iragarpen guztien aurka, elkarbizitzak lotura bitxia sortuko dio horietako batekin, bere traumak dituen mutil adimentsu eta problematiko batekin; eta eskolako sukaldeko arduradunarekin, Vietnamen seme bat galdu berri duenarekin".