Goizeko 09:30ean hasi da Zestoako Gazte Asanbladako bi kideren aurkako epaiketa Azpeitiko Epaitegian. Ia urtebete igaro da Zestoako Asanbladak Elizarena den Elizondo eraikina okupatu zuenetik, eta afera horri lotuta epaitu dituzte herriko bi gazteak. Bi ordu pasatxo iraun du saioak, eta gazteek Urola Kostako Hitzari jakinarazi diote hiru eta bost egunen artean jasoko dutela epaia. 70.000 euroko isunaren aurrean leudeke bi epaituak.
Zestoako Gaztetxea desalojo arriskuan, absoluzioa orain dioen pankarta eskuan, dozenaka lagun bildu dira epaitegiaren atarian bi epaituei elkartasuna adierazteko eta desalojo prozesua geldiarazteko eskatzeko. Hain zuzen, elkarretaratzea baliatu dute adierazpen baten bidez Donostiako Elizbarrutiaren jarrera gaitzesteko. "Gazte Asanbladak herriari irekitako proiektu politiko, sozial eta kulturala desalojatu nahi du Elizak. Nahiago du espazioa hutsik utzi eta herriko bi gazte kondenatzea", adierazi dute. Horrez gain, Elizak negoziaketarako bidea "blokeatu" izana salatu dute, eta "jendea etxerik gabe dagoen bitartean milaka etxebizitza, lur-eremu eta bestelako higiezinak hutsik mantentzen dituen erakunde baten lekzio etikorik onartuko ez" dutela adierazi dute.
Gotzaindegiaz gain, epaitegiaren atarian elkartu direnek azpimarra berezia egin diote Zestoako alkateari. "Uneoro bere burua zuritzeko bitartekari papera hartu izana" leporatu diote, eta "arazoaren erantzule nagusitzat" jo dute hura. Asanbladaren arabera, orain gaztetxea dena Gazte Asanbladari emango ziola hitz eman zien herriko alkateak, baina "bere neutraltasuna ezbaian" jarri dute, epaiketaren aurrean "txintik esan ez duelako".
Otsailaren 20an urtebete beteko da asanbladak, gaztetxea lekualdatzeko prozesua etenda zegoela ikusita, Elizaren jabetzakoa den Elizondo eraikinera sartzea erabaki zuenetik. Asanbladako kideek argi diote eraikina "hutsik" zegoela eta erabilpen bat ematen jakin dutela. Aldiz, Gotzaindegiaren arabera, "katekesirako eta elizaren jarduera batzuetarako" erabiltzen zuten eraikin hori.
Egoeraren aurrean "negoziatzeko prest" dagoela adierazi du Donostiako Elizbarrutiak; hori bai, betiere Zestoako Gazte Asanbladak "okupatutako eraikina husten badu". Eraikinak okupatuta jarraitzen badu, prozesu judizialari eutsiko diola adierazi du Elizak.