Otsailaren 3an izango da aurtengo Gau Txori argazki rallya

Mailo Oiarzabal 2024ko urt. 24a, 11:48

Igor Froilanek irabazi zuen iazko Gau Txori rallya. Froilanen bilduma irabazleko argazki bat da hau. (Igor Froilan)

XIV. aldia beteko du Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako gaueko argazki rallyak. Izen ematea doan da eta egunean bertan irekiko dute, 19:00etatik 20:00etara, Soreasuko Dinamoan.

Datorren asteko zapatuan, otsailaren 3an, egingo dute Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) antolatutako XIV. Gau Txori gaueko argazki rallya. Aurrekoetan bezala, memoria txartel huts bat eta argazki kamera digitala dituen edonork har dezake parte ilundu ondoren egiten den argazki rallyan. Izen ematea doan da eta egunean bertan irekiko dute antolatzaileek, 19:00etatik 20:00etara, Soreasuko Dinamoa sormen gunean.

Izena ematerakoan jakinaraziko zaie parte hartzaileei rallyko gaien zerrenda. Igande goizaldean, 01:00etan, bukatuko da rallya; beraz, ordurako Dinamoan utzi beharko dituzte argazkilariek rallyan ateratako argazkiekin betetako txartelak. Argazkiak zuri-beltzean zein koloretan egindakoako izan daitezke, guztiak Azpeitian ateratakoak; parte hartzaile bakoitzak gehienez 36 argazki aurkeztu ahal izango ditu, kontrolekoa barne. Parte hartzaileek argazkiak ezabatu ahal izango dituzte, baina manipulatu, ez.

Rallyan lehiatzeko, gai bakoitzeko argazki bat aukeratu eta argazkiakaae@gmail.com helbidera bidali beharko dira, otsailaren 8a baino lehen; partaide zenbakia eta gai bakoitzerako hautatu duten argazkiaren zenbakia adierazi beharko dituzte igorleek mezuan.

Berezkotasuna, sormena eta teknika hartuko ditu kontuan AAEk izendatutako epaimahaiak argazkiak puntuatzeko, eta lau sari banatuko ditu Gau Txori argazki rallyak: bilduma onenaren egileak, rallyaren irabazleak, 150 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarren sailkatuak, 100 euro eta garaikurra; hirugarren sailkatuak, 70 euro eta garaikurra; eta saritu gabeko lehen azpeitiarrak, garaikurra.

Saritutako argazkiak AAEren esku geldituko dira eta elkarteak egoki iruditzen zaion moduan erabili ahal izango ditu irudi horiek, beti ere, egilearen izena aipatuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide