Ane Zabalak gidatuko du 40 MLKek emakumeentzako antolatutako laugarren entrenamendua

Maialen Etxaniz 2024ko urt. 25a, 10:20

Azaroan egin zuten entrenamenduko irudia. (Alberto Beloki)

Otsailaren 3an, larunbatez, egingo dute 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketetarako prestatzeko laugarren saioa. Dagoeneko eman daiteke izena entrenamendurako. Hilaren 31n itxiko dute izen-ematea.

Ane Zabalak gidatuko du Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketetarako prestatzeko emakumeei zuzendutako laugarren entrenamendu saioa. Otsailaren 3an izango da irteera, eta dagoeneko ireki dute bertan parte hartzeko izen-ematea. Trail lasterketen munduan ezaguna da Zabala; iaz, esaterako, Hiru Handiak lasterketa irabazi zuen.

Igerilekuaren aurretik abiatuko dira entrenamenduan parte hartuko duten kirolariak, 08:00etan. Handik abiatuta, Izarraitzko bira (20km) egingo dute parte hartzaileek Zabalaren gidaritzapean. Ibilbidea amaitu ahala bertan dutxatu ahal izango dute kirolariek, eta mokadutxoa egiteko aukera ere izango dute.

Saioan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean. Horretarako azken eguna urtarrilaren 31n, asteazkena, izango da. 

Lehen entrenamendu saioa azaroaren 4an izan zen, bigarrena abenduaren 2an, eta hirugarren saioa urtarrilaren 13an.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide