Artzain-inudeekin danborra jotzen irten nahi dutenentzako entseguak iragarri ditu udalak

Mailo Oiarzabal 2024ko urt. 26a, 16:43

Artzain-inudeen kalejirako danbor jotzaileak plazan, iazko Jai Karnabal eguerdian. (Nerea Uranga)

Otsailaren 2an (gaur zortzi) eta 8an egingo dituzte aurten prestaketako bi saioak, Itsasiren lokalean. Horietara azalduta edo udalean eman daiteke danbor jotzaileen talderako izena.

Sansebastianetako danborraden oihartzunak oraindik guztiz itzali gabe, beste danborrada baterako deialdi irekia egin du dagoeneko Azpeitiko Udalak. Karnabalak gertu daude, izan ere, eta Jai Karnabalean (otsailaren 11) Itsasiren artzain-inudeen konpartsaren kalejiran danborra jotzen irten nahi dutenei dei egin die erakundeak.

Aurreko urteetan bezala, aurten ere Elegante Eguneko danbor jotzaileentzat bi entsegu saio antolatu dituzte: otsailaren 2an (gaur zortzi) eta 8an izango dira horiek, Itsasiren lokalean (Urola kalea 6, behea), 19:45ean. Jai Karnabalean artzain-inudeekin danborra jotzen parte hartu nahi duten herritarrek entsegu horietara joan beharko dute, baina udaletxeko Kultura bulegoan ere eman dezakete izena (943-15 70 68 telefono zenbakia).

Figuranteak ere behar dituzte

Itsasik, bere aldetik, dantzariekin eta musikariekin batera artzain-inudeen konpartsa osatzen duten figuranteen taldea osatzeko egin du deialdia. Parte hartu nahi dutenei itsasieuskalkulturtaldea@gmail.com helbidera mezua bidaltzeko eskatu diete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide