'Smart Farming' proiektua aurkeztuko dute Lurgintza Nekazal Kooperatiban

Unax LarraƱaga 2024ko urt. 27a, 11:15

Lurgintzan egindako bilera bat.

Smart Farming: Optimizatu ura eta hobetu zure produkzioa proiektuaren aurkezpen saioa egingo dute Azpeitiko Lurgintza Nekazal Kooperatiban, urtarrilaren 31n 11:30etik 12:30era.

Gipuzkoako lehen sektorean erabiltzen den uraren eraginkortasuna hobetzeko asmoz, eta gaiaren inguruko sentsibilizazioa bultzatzeko asmoz, Smart Farming: Optimizatu ura eta hobetu zure produkzioa proiektua garatu dute Zubigune Fundazioaren eta Asmoz Fundazioaren artean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren kofinantzazioz.

Proiektuaren aurkezpen saioa egingo dute Azpeitiko Lurgintza Nekazal Kooperatiban, urtarrilaren 31an 11:30etik 12:30era. Ekimenaren nondik norakoak ezagutu nahi dituen edota parte hartu nahi duen oro dago gonbidatuta bertara.

Proiektu honetan, IoT (Internet of Things) sentsoreetan oinarritutako monitorizazio sistema bat ezarriko da, parte hartzea erabaki duten zortzi ekoizpenetan. Sentsore horiek ur kopurua, hezetasuna eta tenperatura neurtzeko dispositibo elektroniko txikiak dira, eta horien bidez lortutako datuak aparatu elektroniko batera (mugikorra, tableta edo ordenagailua) bidaliko dira, momentuan ikusteko. Hartara, monitorizazioaren bitartez, produkzioaren kontrol handiagoa eta lanaren automatizazioa lortuko da kontziliazioa hobetzeko, berrikuntza sustatzeko eta erreferente izan daitezkeen ideiak bultzatzeko.

Smart Farmingen parte hartzeko, bi modu egongo dira: alde batetik, ekoizle moduan parte hartuta eta monitorizazioa erabilita. Bestetik, soilik informazio jardunaldietara eta ekoizpenetako bisitetara gerturatuta, sistema honi buruzko ezagutza handitzeko.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide