Goiko tokietan sendotzeko garaipenak lortu dituzte Lagun Onaken talde nagusiek

Mailo Oiarzabal 2024ko urt. 29a, 09:57

Iñigo Ariztimuño atzo, Pasaian, Lagun Onaken aldeko gola ospatzen. (Ander Uria)

1-0 irabazi dute biek asteburuan, emakumeen taldeak etxean Ostadarren aurka, eta gizonen taldeak kanpoan, Pasaiaren zelaian.

Bi gol eta sei puntu. Etekina atera diote Lagun Onak futbol klubaren talde nagusiek 1-0ekoari joan den asteburuan, eta beren ligetako goiko postuetan sendotzeko balio dieten hiruna puntu batu dituzte.

Gipuzkoako Ohorezko Erregional mailan, Lagun Onakek Ostadar hartu zuen zapatuan Garmendipen, bigarren itzuliko lehen jardunaldian. Aurkari zaila zuten Eguzkiñe Peñaren emakumeek. Joan den jardunaldira arte sailkapeneko hirugarren tokian zen Lasarte-Oriako taldea, baina Azpeitian galduta, Lagun Onakek aurrea hartu dio; lau punturen aldea besterik ez dago hirugarrenaren eta zazpigarrenaren artean, eta 31 punturekin, bosgarren postura igo da Azpeitiko taldea azken jardunaldiaren ondoren. Neurketa parekatua jokatu zuten Lagun Onakek eta Ostadarrek, Kontraerasora aritu ziren Peñarenak, baloiaren jabetza eta jokoaren ekimena aurkariei utzita. Hain zuzen ere, kontraeraso on baten ondoren Joane Kortari egin zioten penaltitik iritsi zen partida erabakiko zuen gola; Malen Astigarragak jaurti eta sareratu zuen penaltia, 16. minutuan. Atsedenaldira bitartean eroso aritu zen Lagun Onak, defentsa lanean sendo, estutasunik gabe eta kontraerasora irtenez; Ostadarrekoek ez zuten arriskurik sortu. Bigarren zatian Ostadarrek estu hartu zuen Lagun Onak; lehen zatian ez bezala, arrisku jokaldi gehienak kanpokoentzat izan ziren. Hala ere, sendotasunik ez zuen galdu etxeko taldeak, eta 2-0 bukatzear izan zen neurketa, baina epaileak jokoz kanpokoa adierazi eta balio gabe utzi zuen Lagun Onakek luzapenean sartutako gola.

Espainiako Hirugarren Mailan ere bigarren itzuliari ekin dio asteburuan Lagun Onakek. Sailkapeneko azken hirugarren tokian eta jaitsiera postuan dagoen Pasaiari egin zioten bisita Azpeitikoek, Jose Luis Ribera entrenatzaile berriaren estreinako neurketan. Sailkapenean bi taldeen artean alde handia egonik ere, ez zuen erraztasunik topatu Lagun Onakek Jesus Zamora zelaian. Lehen zatian, bereziki, parekatuta egon ziren indarrak, ez batzuek eta ez besteek ez zuten jokoaren lema menderatzerik lortu. Atezainek lan gutxi izan zuten lehen 45 minutuetan, baina Lagun Onakek gertuago izan zuen gola, Tapiadorren eta Leteren arteko jokaldi batean. Lehen zatian Lagun Onaki oso ondo eutsi zion Pasaiak, baina horretarako egin behar izan zuen ahalegina antzeman egin zen bigarren zatian. Lagun Onak nagusitzen joan zen pixkanaka, eta 62. minutuan lortu zuen gol erabakiorra: Ariztimuñoren erdiraketa arriskutsua bere atean sartu zuen Pasaiako Arzuagak. Hortik aurrera areagotu egin zen Azpeitikoen nagusitasuna, nahi eta ezinean ibili ziren etxekoen aurrean. Partidaren azken txanpan, epailearen hainbat erabaki tarteko, nahastu egin zen neurketa; Pasaiak bat gutxiagorekin amaitu zuen partida, eta Lagun Onaken aldeko penaltia izan behar zena adierazi gabe utzi zuen, besteak beste. Baina nahasmena nahasmen, urrezko beste hiru puntu lortu zituen azkenean Riberaren taldeak. Horiei esker, igoerako play-offa jokatzeko postuetan sendotu dira Azpeitikoak –33 punturekin, laugarren tokira igo dira–, eta datorren zapatuan (16:30) Vitoria liderra Garmendipen hartzeko prest dago taldea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide