Ekindarren inguruko informazio batzarra egingo dute bihar

Maialen Etxaniz 2024ko urt. 30a, 09:00

Ekindarren eguzki plakak, Urrestillako lurretan. (Azpeitiko Udala)

Landuko dituzten gaien artean izango dira Ekindarren gaur egungo egoera eta proiektuak orain arte jasotako diru laguntzak. Bazkideei zuzendutako batzarra izango da.

Ekindar kooperatibaren inguruko informazio batzarra izango da bihar, hilak 31, Soreasu antzokian. Bilkura Ekindarreko bazkideei zuzenduta egongo da, eta 18:00etan hasiko da. 

Azpeitiko Udalak aurreratu duenez, bi puntu landuko dituzte bihar batzarrean. Horrenbestez, horiek osatuko dute gai ordena: Ekindarren gaur egungo egoera eta proiektuak orain arte jaso dituen diru laguntzak. 

Azpeitiko Udalak Energiaren Euskal Erakundearekin eta Mondragon Korporazioko Krean taldearekin eratu zuen Ekindar kooperatiba. Kreanek egikaritu zuen proiektua, udalarekin batera. 2022ko urrian egin zuten lehen batzarra.

Urrestillan eraiki dute eguzki plaken parkea, Altunako bidegurutzetik Nuarberako errepidearen azpialdean kokatutako hektarea bateko lursailean. "25 urtez argindarra sortzeko beharrezko instalazioa" eraiki dute han; 1,256 MWp sortuko dituzte eremu horretan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide