Betharrametako erakusketa aretoaren paretik igarotzen diren herritarrek menu berezi batekin egingo dute topo datozen egunetan; izan ere, jatetxe bat bailitzan, eskaintza kartel bat ikus daiteke aretoaren ate aurrean. Hain zuzen, Herri baten korapiloak. Sokamuturraren museoa erakusketara sartzeko gonbidapena egiten duen afixa da. Atzo, astelehena, jarri zuten aurrenekoz han, orduan ireki baitzuten Enok Sudupe ilustratzaile azpeitiarrak ondutako erakusketa. Azpeitiko Udalaren sormen beka jaso du Sudupek.
Museo bateko hainbat lan dirudite azpeitiarrak aretoan zehar kokatutako piezek, bakoitzak bere txokoa eta bere azalpena baititu. Azalpenik gabe ere uler daitezke pieza batzuk; edo agian ez, museo batean bezala. Askotarikoak dira ikusgai jarritako elementuak, baina badago guztiek elkarbanatzen duten zerbait: parodia tonua eta kutsua. Gaia ere elkarbanatzen dute, noski, eta sokamuturra da. Halaber, herritarrei iritzia emateko tartea eskaintzen die esposizioak. Goiko irudiotan, erakusketaren xehetasun gutxi batzuk soilik ikus daitezke, egileak herritarrak hara bertaratzea eta egindakoa gertutik ikustea nahi baitu. Beraz, horretara animatu ditu.
"Sokamuturraren museoa" ikusgai izango da otsailaren 10era bitarte, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara.