Baigera II-ko erabiltzaileak bilerara deitu dituzte, itxitako egoitzarentzat irtenbideak aztertzeko

Mailo Oiarzabal 2024ko urt. 30a, 14:26

Baigera II. (Azpeitiko Udala)

Otsailaren 7an egingo dute bilera, Baigera II-n bertan. Jubilatuen Sanjuandegiko lokalak hilabeteak daramatza itxita, eta taberna kudeatzeko udalaren lehiaketa deialdia hutsik gelditu da. Kudeatzaile berriak agertu bitartean "alternatibak topatzera beharturik" dagoela dio Baigera elkarteak.

Baigera jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak bilerara deitu ditu Baigera II-ko erabiltzaileak datorren otsailaren 7rako, 16:30ean, Baigera II-n bertan.  Jubilatuen Sanjuandegiko lokalak hilabeteak daramatza itxita, taberna kudeatzeko udalaren lehiaketa deialdia hutsik gelditu da, eta egoerari irtenbidea eman nahi dio Baigerak. "Erabiltzaileen kexak goruntz doazela eta arrazoi dutela" dio Baigerak, eta batzordekideak "alternatibak topatzera beharturik" ikusten dute beren burua.

Elkartearen eta udalaren ordezkariak izango dira bileran, eta kudeatzaile berria azaldu bitartean "lokala irekitzeko modua nola bideratu" aztertu nahi dute erabiltzaileekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide