Inauteriak 2024

Kaldereroen kalejira eta inauterietako kontzertua, karnabalen atariko

Maialen Etxaniz 2024ko urt. 31a, 12:30

Iazko kaldereroen kalejirako argazkia. (Ihintza Elustondo)

Datorren asteburuan hasiko dira karnabalen bueltako ekintzak. Larunbatean egingo dute kaldereroen kalejira, 19:00etan hasita. Igandean, karnabaletako kontzertua eskainiko du Udal Musika Bandak. Ostegun Gizenean kalejira eta kantaldia egingo dituzte Kantujirakoek eta musika bandakoek. Aurten aurreratu egingo dute Astelehen Karnabaleko mozorro lehiaketaren sari banaketa, eta ez dute giroko taberna onenaren saririk emango. 

Betiko osagaiekin datoz karnabalak Azpeitira, baina izango da berrikuntzarik edo aldaketarik. Festetan murgiltzeko, ordea, urteroko ohiturari jarraiki eta karnabalen atariko gisa, kaldereroek kalejira egingo dute larunbatean, otsailaren 3an, Alde Zaharrean barrena. Elkartzeko hitzordua 19:00etan jarri dute San Martin egoitzaren aurrean, eta handik abiatuta kalerik kale ibiliko dira astoek tiratako karro eta guzti. Trapu zaharrak eta Kaldereroen martxa doinuekin girotuko dituzte kaleak, zartaginak astinduz.

Igandean, otsailak 4, karnabaletako kontzertua eskainiko dute Udal Musika Bandak, banda gazteak, Julian Barrenetxea abesbatzak eta Antxieta musika eskolako abesbatzak Sanagustin kulturgunean, 12:30ean hasita. Harrera bikaina izaten du hitzorduak urtero, eta emanaldiak iraun bitartean Azpeitiko Argazki Elkartearen, Uztarriaren eta beste hainbat argazkilariren irudiak proiektatuko dituzte. 

Hurrengo astean jarraituko dute karnabalen bueltako ekintzek. Ostegun Gizen egunez, kalejira eta kantaldia egingo dituzte Kantujirako kideek eta Udal Musika Bandako kideek. Plazan elkartuko dira bi taldeak 19:30ean, eta ondoren, Kantatu, dantzatu, dibertitu ekitaldia egingo dute Sanagustinen. Iaz egin zuten Sanagustingo juntadizoa aurrenekoz, eta izan zuen harrera ikusita antolatu dute aurtengoa. Ostiralean, hilak 9, Euskal inauterien jaialdia egingo dute Azpeitiko Ikastola Ikasberriko kideek.

Karnabaletako hiru egun garrantzitsuenak ere ekintzaz beteta iritsiko dira. Aurten, berrikuntza bezala, aurreratu egingo dute Astelehen Karnabaleko mozorro lehiaketaren sari banaketa, eta gauerdian egin ordez, 23:30ean egingo dute. Gainera, ez dute tabernen mozorro lehiaketa antolatuko. "Inork izena ematen ez zuela eta" erabaki dute tabernen sariketa bertan behera uztea. Horrenbestez, banakako eta taldeko sariak soilik banatuko dituzte. 

2024ko karnabaletako egitaraua

Otsailak 3, zapatua

  • 19:00. Kaldereroen konpartsa, kalez kale. San Martin egoitzaren aurrean elkartuko dira parte hartu nahi duten kalderero guztiak,astoek tiratako karro eta guzti. Kalderero konpartsa honako kale hauetan ibiliko da: San Martin egoitza, Goiko kalea, Plaza Nagusia, Enparan kalea, Erdikalea, Elizkalea, Donejakue kalea, eta ekitaldiari amaiera plazan emango diote. Honako abestiak joko dituzte: Trapu zaharrak eta Kaldereroen martxa.
  • 22:30. Leon Benaventeren kontzertua, Sanagustin kulturgunean.

Otsailak 4, igandea

  • 12:30. Udal Musika Bandako, Julian Barrenetxea abesbatzako, Banda Gazteko eta Juan Antxieta musika eskolako kideek inauterietako kanten emanaldia eta argazkien proiekzioa eskainiko dute Sanagustin kulturgunean. Azpeitiko Argazki Elkartearen, Uztarriaren eta beste hainbat argazkilariren irudiak izango dira ikusgai emanaldian zehar. 

Otsailak 8, Ostegun Gizen 

  • 18:30. Kantujira taldekoen kalejira.
  • 19:30. Udal Musika Bandaren kalejira. Plazan elkartuko dira bi taldeak, karnabaletako abestiak eskaintzeko.
  • 21:00. Kantatu, dantzatu, dibertitu ekitaldia herritar guztientzat, Sanagustin kulturgunean

Otsailak 9, ostirala

  • 18:00. Euskal inauterien jaialdia egingo dute Azpeitiko Ikastola Ikasberriko kideek. Herriko kaleak euskal inauteriz jantziko dituzte. 18:00etan San Martin egoitzaren paretik abiatuko dira, eta plazan bukatuko dute, 20:00etan. Honako ibilbidea egingo dute: San Martin egoitza, Artzubia, Olazko Andre Mariaren plaza, Plaza Nagusia, Elizkalea, Soreasuko Sebastian Donearen parrokia, Perez Arregi plaza, Erdikalea, Plaza Txikia eta plaza.

Otsailak 11, igandea. Elegante Eguna

  • 09:00. Izarraitz Txistulari Taldearen diana.
  • 11:30. Udal Musika Bandaren, banda gaztearen eta Antxieta musika eskolako txilibiteroen diana.
  • 11:15. Arrasateko gaiteroen diana.
  • 12:00. Sokamuturra, plazan. Ganadutegia: Bergarako zezenak.
  • Egun osoan, XLIV. Sokamuturra Argazki Lehiaketa-Imanol Elias Seria, Azpetiko Argazki Elkarteak antolatuta.
  • 12:30. Elegante Eguneko pasiera, eta Itsasi dantza taldeko artzain-inudeen, danbor jotzaileen nahiz karrozaren kalejira, Juan Antxieta musika eskolako txistularien eta Incansables txarangaren laguntzarekin.
  • 16:15. Zezenaren irteera girotuko dute Arrasateko gaiteroek eta Udal Musika Bandako kideek. Ondoren, Izarraitz txistulari taldeak zezenak egingo duen ibilbide bera egingo du, kalez kale txistua joz.
  • 16:30. Sokamuturra. Ganadutegia: Bergarako zezenak.
  • 17:00. Zientzialariak antzerkia, Azoka Plazan.
  • 19:30. Gauerdi txarangaren emanaldia kaleetan zehar. Josu Rodriguez DJaren emanaldia, plazan.
  • 20:00. Rockalean elektrotxarangaren emanaldia herriko kaleetan.

Otsailak 12, Astelehen Karnabala. 

  • 12:00. Banda gaztea eta Antxieta musika eskolako txilibiteroen kalejira.
  • 12:30. Herriko erraldoiek eta buruhandiek irekiko dute mozorrotutako haurren desfilea. Banda Gaztea, txilibiteroak eta Juan Antxieta musika eskolako trikitilariak ariko dira giroa alaitzen. Bukaeran, gaztetxoentzat dantzaldia izango da, Dantza Saltsa taldearekin, eta gozokiak banatuko dituzte plazan.
  • 16:15. Izarraitz txistulari taldeak eta Udal Musika Bandak zezenaren irteera girotuko dute. Ondoren, Izarraitz txistulari taldeak zezenak egingo duen ibilbide bera egingo du, kalez kale txistua joz.
  • 16:30. Sokamuturra. Ganadutegia: Lopene.
  • 18:30. Dunbots txaranga kaleetan.
  • 19:30. Udal Musika Bandaren kalejira.
  • 20:00. Mozorro lehiaketaren hasiera.
  • 20:00. Davila DJa eta Oihan Vega DJa, plazan. Itsasiko ttuntturroak kalerik kale.
  • 23:30. Mozorro lehiaketaren sari banaketa, plazan.

Otsailak 13, Astearte Karnabala.

  • 00:30. Los Pasai txarangaren emanaldia kaleetan.
  • Ondoren, Itsasiko ttuntturroak kaleetan.
  • 05:00. Baratxuri zopa jana, Azoka Plazan.
  • 06:15. Udal Musika Bandaren eskutik, goiz eresia.
  • 07:00. Sokamuturra. Ganadutegia: Bergarako zezenak.
  • 12:00. Banda Gaztearen kalejira.
  • 16:15. Zezenaren irteera Izarraitz txistulari taldeak eta Banda Gazteak girotuta. Izarraitz txistulari taldeak zezenaren ibilbidea irekiko du kalerik kale txistua joz.
  • 16:30. Sokamuturra. Ganadutegia: Saka.
  • 17:30. Ihauteriak bizi ikuskizuna, Sanagustin kulturgunean.
  • 18:00. Irulitxa txaranga kalez kale.
  • 20:00. 2023ko karnabalen amaiera: suzko zezena, plazan, Irulitxa txarangaren laguntzarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide