Jose Luis Ribera: "Gure lana orain arteko mailari eustea izango da"

Mailo Oiarzabal eta Urtzi Oteiza 2024ko ots. 1a, 10:11

Espero ez zuen unean eta moduan iritsi zaio Jose Luis Riberari bigarren aldia Lagun Onaken. Hiru urteko "geldialdia" eten du azkoitiarrak Azpeitiko futbol taldeari baiezkoa emateko eta aulkietara itzultzeko.

2002an Preferentetik Espainiako Hirugarren Mailara igo zen Lagun Onak, eta harrezkero ez du mailarik galdu Azpeitiko futbol taldeak. Jose Luis Ribera (Azkoitia, 1965) zen talde haren entrenatzailea. Ia 22 urteren ondoren, Garmendipeko aulkira itzuli da Ribera, egoera pertsonala tarteko postua utzi duen Mikel Etxaburu Pixki-ren lekukoa hartuta. Taldearen emaitzak orain arte oso onak izan arren, denboraldiko hirugarren entrenatzailea du Lagun Onakek azkoitiarra. Zapatuan eseriko da berriro Garmendipeko etxekoen aulkian Ribera, Vitoria liderraren aurkako partidan (16:30).

Joan den astean hartu zenuen Lagun Onaken gizonen talde nagusiaren gidaritza. Zer moduz joan da lur hartzea?

Orain artekoa, oso ondo. Taldearekin ondo moldatu naiz, mutil oso jatorrak aurkitu ditut, eta futbolari onak ere bai. Klubeko jendearekin ere oso ondo, dena erraztu didate.

Joan den asteburuan Pasaian (Gipuzkoa) estreinatu zinen aulkian, eta 0-1 irabazi zenuten. Horrek ere erraztu dizu hasiera, ezta?

Bai, noski. Talde bat denboraldiaren erdian hartzen duzunean, denbora gutxi izaten duzu gauzak zeure erara moldatzeko; hori pixkanaka joango gara egiten. Baina egia da emaitzak hartzen direla kontuan, eta partidak irabaziz gero, gauzak erraztu baino gehiago, esango nuke jendea konfiantza gehiagorekin egoten dela, beste begi batzuekin ikusten da dena, eta asko laguntzen du horrek. Pasaian oso partida zaila irabazi genuen. Pasaia beti da aurkari gogorra, jokatzeko duen moduagatik, zelaiagatik... baina taldeak oso ondo erantzun zuen, eta bigarren zatian oso ondo jokatuz, gainera.

Mikel Etxaburu Pixki-k ezustean utzitako tokia hartu duzu. Eskaintza aztertzeko denbora asko ez duzu izan. Erraz eman al zenion baiezkoa Lagun Onaki?

Geldialdi batean nengoen, neuk hala erabakita. Ondo nengoen, lasai, eta ez nuen Lagun Onaken eskaintzarik espero; normalean, taldeak gaizki dabiltzanean botatzen dute entrenatzailea eta hasten dira berri baten bila. Neu ez nintzen talde bila ari, baina, era berean, argi neukan nire bila etorriz gero ezezkoa esatea zaila izango nuen talde batzuk bazeudela, eta horietako bat zen Lagun Onak. Deitu zidatenean, geldialdia eten ala ez erabaki behar izan nuen, eta eskaintza onartzearen alde egin nuen.

2021eko urtarrilean Beasainen aulkia utzi zenuenetik, zertan aritu zara? Futbolarekiko harremanari eutsi al diozu?

Zorionez, neure buruari denbora asko eskaini ahal izan diot. Entrenatzaile lanean ari zarenean, beti ari zara partidak ikusten, aurkariak eta jokalariak ikusten. Hiru urte hauetan, futbola ez dut lehen jarraitzen nuen adina jarraitu, baina, hala ere, gertutik jarraitu dut eta ahal izan ditudan partida guztiak ikusi ditut. Bizi osoa daramat futbolean, lehendabizi jokalari eta ondoren entrenatzaile gisa, eta niretzat bizi osoa da futbola. Eta ez da beste ezer ez dakidala egiten, beste gauza asko egiten ibili naiz, baina futbola da gehien gustatzen zaidana.

Jose Luis Ribera, Garmendipeko aulkian. (Mailo Oiarzabal)

Lagun Onak, aspaldiko urteetan ez bezala, indartsu dabil ligan denboraldi hasieratik. Nolako taldea aurkitu duzu?

Taldea nahiko ondo topatu dut; konfiantzari dagokionez, zalantzaren batekin, agian. Pasaian irabazi aurreko lau jardunaldietan garaipenik ez zuten lortu, nahiz eta partida horietako bat edo gehiago irabazteko jokoa egin. Irailean hasi eta ia Gabonak arte oso goian ibili zarenean, bi-hiru postu jaisten bazara iruditzen zaizu beheraka zoazela; baina askotan ez da horrela izaten, boladak izaten dira. Taldea ondo dago eta gure lana izango da, ahal dela, orain arteko mailari eustea; eta hobetzerik badago, hobetzea.

Igoerarako play-off postuetan dago taldea. Hor jarraitzea al da zeure buruari eta taldeari jarritako erronka?

Maiatzera arte partida pila bat gelditzen dira, eta bolada onak eta txarrak, denetarik izan daitezke. Hirugarren Mailan, gainera, ez da goragoko mailetan bezala izaten, jendeak gorabehera gehiago izaten ditu entrenatzerakoan, futbolaz gain lana egiten dutelako edo beste gauza batzuetan dabiltzalako. Beraz, are zailagoa da luzera begira jartzea. Egia da taldea goiko postu horietan dagoela, hasieratik hor mantentzen ari dela, eta gure helburua gutxienez hor jarraitzea izan behar da.

Bigarren aldia duzu Lagun Onaken. Duela hogei urte pasa, Preferentetik Hirugarren Mailara igo zenuen taldea, eta harrezkero ez du maila hori galdu. Asko aldatu al dira gauzak klubean?

21-22 urte joan dira, eta, logikoa denez, jendea aldatu da, zuzendaritzako kideak eta. Gainontzean, zelaia bera da, baina egia da alde horretatik hobetu egin direla gauzak: aldagelak berrituta daude, aulkiak ere bai... Zenbait tokitan okerrera joan daitezke, baina normalean denborarekin hobera egiten dute horrelako gauzek. Garmendipen, esaterako, ikusten da jendea arduratu dela eta zaindu dituztela instalazioak. Belar artifizialezko bi zelai ere badaude orain, garai hartan zegoen hartxintxarrezko bakarraren ordez. Asko hazi eta hobetu dira instalazioak, baina beharra ere handia delako. Bi klub eta talde asko daude, eta mugimendu handia ikusten da egunero.

Datorren larunbatean Vitoria hartuko duzue Garmendipen, liderra. Nola dago taldea erronka horri aurre egiteko?

Taldea ondo egongo da, hori seguru.

Min hartutakorik-eta ez duzue?

Bai, baditugu lehendik min hartutako jokalari batzuk, baina lesionatu berririk, ez. Jokalari asko ere ez ditugu, eta antzeman egiten da falta direnen hutsunea. Hala ere, uste dut aurkeztuko dugun taldea ondo egongo dela. Gaur arte [asteartea] izan dute asteburuko garaipenaz gozatzeko aukera, eta gaurtik aurrera hasiko gara datorren partidarekin eta Vitoriarekin pentsatzen. Eibarren bigarren taldea da Vitoria, eta itxura denez, multzoko talde onena da, edo onenetakoa bai, behintzat. Partida bakarrera, ordea, edozeinek irabaz diezaioke edozeini. Gu irabazteko helburuarekin irtengo gara zelaira, ikusiko da gero zer gertatzen den. Irabazi behar badigute, berriz, beraiek irabaz dezatela, eta ez guk irabazten utzi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide