Joseba Lizarralde Rubio-k Domusa Teknik ISB-ren entrenatzaile izateari utzi dio. Iraurgi Saskibaloiak atzo gauean eman zuen albistea bere sare sozialetan, eta Rubioren agurrarekin batera iragarri zuen Luis Agirre Katxi-k hartuko duela haren tokia LF2ko taldearen gidaritzan. Esker oneko hitzak izan ditu Iraurgik kargua utzi duen entrenatzailearekin: "Iraurgi Saskibaloiaren izenean eskerrak eman nahi dizkiogu Rubiori egindako lan danagatik. Beti otso".
Lizarralde 2022-2023 denboraldian itzuli zen Iraurgiren emakumeen talde nagusiaren aulkira, Andoni Lazkanok utzitako tokia hartzeko; 2015-2016an ere bera zen taldearen entrenatzailea, Añares Rioja ISBk LF1ean jokatu zuen denboraldi berezi hartan. Agirrek ere bigarren aldia izango du Domusa Teknik ISB zuzentzen, 2018-2019 sasoian ere bera aritu baitzen entrenatzaile.