Izapide guztiak eginda, martxorako energia sortzen hastea espero du Ekindarrek

Nerea Uranga 2024ko ots. 1a, 15:00

Ekindar kooperatibaren Urrestillako eguzki plaken azpiegitura. (Mailo Oiarzabal)

Iazko ekainerako plaka fotovoltaikoen azpiegitura bukatuta zuten. Ordutik, martxan jartzeko eta sortutako energia sareratzeko baimenak lortzeko kanpo erakundeen izapideak egiten jardun du Ekindar kooperatibaren administrazio kontseiluak. Martxoan proba fasea hastea espero dute.

Ekindar kooperatibaren inguruko informazio batzarra egin zuten atzo arratsaldean Soreasu antzokian. Batzarrean kooperatibako administrazio kontseiluak Ekindarren gaur egungo egoera eta proiektuak orain arte jasotako diru laguntzen berri eman zien kooperatibako bazkideei; gaur egun, 536 bazkide eta zazpi bazkide laguntzaile ditu Ekindar kooperatibak.

Azpeitiko Udalak Energiaren Euskal Erakundearekin eta Mondragon Korporazioko Krean taldearekin eratu zuen Ekindar kooperatiba. Kreanek egikaritu zuen proiektua, udalarekin batera, eta 2022ko urrian egin zuten lehen batzarra. Kooperatibak Urrestillan eraiki du eguzki plaken parkea, Altunako bidegurutzetik Nuarberako errepidearen azpialdean kokatutako hektarea bateko lursailean. "25 urtez argindarra sortzeko beharrezko instalazioa" eraiki dute han; 1,256 MWp sortuko dituzte eremu horretan.

Iazko urtarrilean hasi ziren Urrestillan plaka fotovoltaikoen azpiegitura eraikitzen, eta ekainerako lan guztiak bukatuta zituzten. Ordutik, eguzki plaken azpiegitura martxan jartzeko eta bertan sortutako energia sareratzeko eta banatzeko izapideak egiten jardun du Ekindarrek. Kooperatibako administrazio kontseiluko kide den Joanes Amenabarrek hala azaldu du: "Guk egin beharreko etxeko lanak eginda genituen iazko ekainerako, baina kanpo eragile edo erakundeen baimenak behar ditugu eguzki plaken azpiegitura martxan jarri ahal izateko".

Joan den irailean muntatu zuen Iberdrolak eguzki plaken azpiegituraren sarerako konexioa. Horrez gainera behar dituzten baimenak honakoak dira: azpiegitura martxan jartzeko Eusko Jaurlaritzako Industriarena, sortutako energia sarera banatzeko Iberdrolarena eta merkatuan energia saltzeko Red Electrica Españolarena. "Izapide horiek ahalik eta azkarren egiteko eta baimenak lortzeko akuilu lana egin behar izan dugu, eta aurreko astean jaso genuen Iberdrolatik kontratu teknikoa. Jaurlaritzatik azpiegitura martxan jartzeko behin-behineko baimena jasota dugu, eta behin betikoa jasotzea falta zaigu" adierazi du Amenabarrek.

Hiru hilabete barrurako, Ekindar kooperatibaren eguzki plaken azpiegitura behar bezala abian izatea espero dute: "Otsailaren barruan kanpo eragileekin izapideak bukatuta izatea espero dugu, eta martxoan hasi nahi dugu esplotazio fasearekin. Alegia, eguzki indarrarekin lortutako energia bazkide bakoitzarengana banatzen". Dena den, Amenabarrek argitu du, bazkideek onura apirilean kontsumitutako energiaren fakturan antzemango dutela; maiatzekoan, alegia. "Martxoa proba fasea izango litzateke, eta epe horretan izandako onura Ekindar kooperatibaren poltsan jasoko da".

Epe horiek aurreikusi ditu Ekindar kooperatibaren administrazio kontseiluak, datozen bi hilabeteetan baimenak lortzeko eta eguzki plaken azpiegitura martxan jartzeko "itxaropena" dutelako.

Diru laguntza "garrantzitsua"

Diru laguntza "garrantzitsua" jaso du Ekindar kooperatibak IDAEtik (Energia Aurrezteko eta Dibertsifikatzeko Institutua): 1.163.208 eurokoa.

Diru laguntza hori, ordea, proiektu guztiak gauzatu arte eta egindakoa ontzat ematen dioten arte ezingo du jaso kooperatibak. Laguntza horren barrukoak dira honako azpiegiturak: eguzki plaken azpiegitura finantzatzea; auto elektrikoentzako hogei birkarga postu jartzea udalerrian eta kudeaketa app-a sortzea. Aplikazio hori eskuko telefonorako izango da, eta bereziki, Ekindarreko bazkideentzako. "App-aren bidez bazkideek sortzen eta kontsumitzen duten energiaren berri jakiteko aukera izango dute; desorekak-eta ikusteko aukera, alegia. Kontrola eramateko balioko du, baina batik bat kontzientziazioan eragiteko baliagarria izatea nahi dugu. Ekonomikoki faktura ikusteko balioko du, baina baita ere energia zenbat kostatzen den kontzientziatzeko ere".

Diru laguntza jaso bitartean, egiteko horiek gauzatzeko diru poltsa beharko du Ekindarrek, eta hori nola lortu aztertzen ari direla azpimarratu du Amenabarrek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide