Aurten igandea egokitu da otsailaren 4a, Santa Ageda bezpera. Horregatik, herriko ikastetxeetako ikasleek gaur eta astelehenean egingo dute santa eskea.
Gaur, ostirala, Urola ikastolako ikasleak Karmelo Etxegaraiko Haur Hezkuntzako ikasleengana joango dira koplak kantatzera, 11:00 aldera.
Ikasberri ikastolan ere gaur, ostirala, 12:15etik 13:00etara, koplak kantatuko dituzte Haur Hezkuntzako hirugarren mailatik DBHO bigarren mailara arteko ikasleek ikastolako atarian. Santa Ageda bezperan, otsailaren 4an, berriz, Ikasberriko ikasleak eta gurasoak kalera aterako dira santa eskean, bertsolariek eta trikitilariek lagunduta. 18:00etan hasiko dute kalejira, Sanagustin kulturgunetik.
Iraurgi ikastetxekoek astelehenean, Santa Ageda egunez, ospatuko dute jaia. 10:00etan, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleak Goienetxera joango dira, eta ondoren, 11:30ean, San Martin egoitzako egoiliarrengana joango dira koplak kantatzera. Arratsaldean, berriz, 16:30ean, HHko eta LHko ikasleek ikastetxeko atarian abestuko dituzte koplak. Kantuari utzi aurretik, HHko ikasleek entzuleen artean izara pasatuko dute, gozokiak jasotzeko.