Santa Ageda jaiak Matxinbentara bueltan

Intza Trula 2024ko ots. 2a, 09:24

2020ko Santa Ageda jaiak Matxinbentan. (Hitza)

Hiru urte festarik gabe egon ondoren berreskuratu dituzte Santa Ageda jaiak Matxinbentan. Bihar hasiko dituzte festak, eta astelehenean, Santa Ageda egunez, amaitu.

Hiru urtez jarraian festarik ospatu gabe egon dira Matxinbenta auzoan, baina aurtengoan ez da horrela gertatuko: bihar ekingo diete Santa Ageda jaiei, eta hiru egunez luzatuko den egitaraua prestatu dute auzotarrentzat.

Gazte talde bat elkartu da azken hilabeteetan, auzoari "bizitasuna" itzultzeko ardura hartuta: "Pandemia aurretik ospatu genituen azken aldiz festak auzoan, eta ordutik ez da ezer egin. Egoera honi buelta eman behar genion, eta azkenean, lau gazteren eta laguntzaile batzen artean antolatu ditugu festak". Azpeitiko eta Beasaingo udalen laguntza ere jaso dute.

Bihar iluntzean, auzotar batek suziria botako du plazan, jaiei ofizialki hasiera emateko. Ondoren, 21:00etan, bertso afaria izango dute Beheko Tabernan: Aitor Bizkarrak eta Agin Laburuk jardungo dute bertsotan, trikitilariek lagunduta. Afarian izena eman daiteke oraindik, 943-88 63 15 telefono zenbakira deituta.

Santa Ageda jaien bereizgarri da santa eskea; aurten, ordea, ez dira kantuan aterako Matxinbentan. "Auzo honetan oso berezia izaten zen santa eskea. Baserriz baserri joaten ginen kantari, baina aurten denbora faltagatik bertan behera utzi behar izan dugu", azaldu du antolatzaileak. Igandean, Santa Ageda bezperan, meza, hamaiketakoa eta gaztetxoen pilota partidak izango dituzte auzoan. Bi partida jokatuko dituzte guztira, 18 tantora: kimuena lehendabizi, eta infantilena ondoren. Bikoteak Ilunpeko eta Beasaingo pilotari gazteek osatuko dituzte. Amaitzean, herri kirol erakustaldia izango da frontoian: Ugarteburuk eta Etxeberriak Larrañagaren aurka egingo dute aizkoran; harri jasotzen, Goenatxo III.a. izango da. Itzeder eta Txibilter trikitilariek girotuko dute ondoren festa.

Astelehenean, Santa Ageda egunean, mezarekin eta jubilatuen hamaiketakoarekin agurtuko dituzte jaiak. Antolatzaileek auzotar guztiak animatu dituzte datorren urtera begira Festa Batzordean parte hartzera, inoiz gehiago festarik falta ez dadin Matxinbentan.

Halaber, Urola Kostako hainbat udalerritan ere ospatuko dute Santa Ageda: Aian, Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Errezilen, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian gaurtik hasi eta astelehenera bitartean baserriz baserri eta kalez kale irtengo dira kantujiran.

Egitaraua:

Bihar, larunbata

  • 21:00. Bertso afaria Beheko Tabernan, trikitilariek girotuta. Bertsolariak: Aitor Bizkarra eta Agin Laburu. Aurretik, suziria jaurtiko dute.

Etzi, igandea, Santa Ageda bezpera

  • 11:00. Meza.
  • Ondoren, hamaiketakoa.
  • Jarraian, pilota partidak, Azpeitiko Ilunpeko eta Beasaingo pilotari gazteekin.
  • Amaitzean, herri kirol erakustaldia: aizkoran, Ugarteburu eta Etxeberria Larrañagaren kontra; harri jasotzen, Goenatxo III.a. Itzeder eta Txibilter trikitilariek girotuko dute auzoa.

Otsailak 5, astelehena, Santa Ageda eguna

  • 11:00. Meza, Azpeitiko koruaren laguntzarekin.
  • Ondoren, jubilatuentzako hamaiketakoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide