23. Korrika

Eragile berriek jada eros ditzakete 23. Korrikako kilometroak

Iraia Oteiza 2024ko ots. 2a, 12:00

Korrikaren lekukoa.

Eragile berriek 425 euroren truke eskuratu ahal izango dute kilometroa, eta kilometro erdiak, berriz, 225 euroko kostua izango du. Kilometroa erosi nahi dutenek Korrikako Urolako arduradunarekin jarri beharko dute harremanetan.

Martxoaren 14tik 24ra ospatuko da aurten 23. Korrika, Harro herri lelopean. Irunen (Gipuzkoa) hasiko da, eta Baionan amaitu. Eskualdera martxoaren 20an, asteazkena, iritsiko da euskararen aldeko martxa, eta goizeko 04:50ean hartuko dute lekukoa azpeitiarrek.

Orain arte Korrikaren aurreko edizioan kilometroa erosi zutenek izan dute kilometro berria eskuratzeko aukera, baina, gaurtik hasita, eragile berriek ere horretarako aukera dute. Erakundeek, enpresek nahiz herritarrek 425 euroren truke eskuratu ahal izango dute kilometroa, eta kilometro erdiak, berriz, 225 euroko kostua izango du.

Kilometroa erosi nahi dutenek Korrikako Urolako arduradunarekin jarri beharko dute harremanetan ane-arrizabalaga@aek.eus helbide elektronikora mezua idatzita. NA, izen-abizenak, helbidea, herrialdea, herria, posta kodea, telefonoa eta e-posta jakinarazi beharko dituzte mezu horretan. Mezua bidali ostean, arduradunak modu pertsonalean adieraziko dio norbanako bakoitzari nola egin behar duen kilometroaren ordainketa. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide