Iraurgi saskibaloi klubak Maixol Rezola omendu zuen atzo, ISBrengatik egindako lanagatik eta klubari eskainitako laguntzagatik. Rezola "klubeko lehen emakumezko erreferentea" da ISBrentzat, eta horregatik egin zioten omenaldia atzokoan; izan ere, ISBk 50 urte betetzen ditu aurten, eta urtemugaren harira, klubaren ibilbidean era batera edo bestera berezi izan direnei aitortza egiten ari dira, astez aste. Atzo, Domusa Teknik ISBren eta Itesal Femenino Alcorcon taldearen arteko partidaren aurretik eman zioten "Zuri esker" zioen oroigarria Rezolari.
Gipuzkoako eta Euskal Selekzioko taldera heltzen lehena izan zen Rezola, eta emakumezkoen senior taldean "bultzada" izan zen. Jokalaria zein entrenatzailea izandakoa da Rezola, eta ISBren hitzetan, "lan mordoa" egin du klubaren barruan. Egun ISBren topaketen antolatzaile lanetan dihardu.
Urtarrilaren 7an emakumeen zein gizonen talde aitzindariak omendu zituen ISBk. Urtarrilaren 21ean 2015ean LF2ra igotzea lortu zuen taldea izan zen aitortza jaso zuena.Urtarrilaren 28an, aldiz, 2005ean Espainiako EBA Ligara igotzea lortu zuen taldea omendu zuten.