Beste urte batez, jendez lepo bete da Sanagustin kulturgunea karnabaletako kontzertuarekin; izan ere, inauterietako egitarauaren barruan, herritarrentzako hitzordu kutuna bilakatu du inauterietako musika emanaldia. Udal Musika Bandak ez ezik, Juan Antxieta musika eskolako gaztetxoek eta Julian Barrenetxea abesbatzako kideek parte hartu dute gaurko zuzeneko saioan. Karnabaletako jantziak soinean irten dira gaztetxoak, eta festa giro polita jarri dute. Ikusleen artean adin guztietako herritarrak elkartu dira, haur, gazte, heldu eta adineko, emanaldiak pizten duen grinaren erakusle.
Emanaldiak iraun duen bitartean, Azpeitiko Argazki Elkarteak, Uztarriak eta beste hainbat argazkilarik emanaldirako utzitako argazkiak jarri dituzte ikusgai kulturguneko pantailan, eta horiek ere sortu dute ikus-mina. Hain zuzen, beste urteetako argazki zaharrak proiektatzeak ere egiten du berezi karnabaletako kontzertua. Dena den, musika izaten da protagonista nagusiena, eta, nola ez, karnabaletako piezak ezin ziren falta. Atzo, kaldereroen kalejiran eskainitakoak, hurrengo asteburuan eta Astelehen zein Astearte Karnabaletan bazter guztietan entzungo diren abestiak entzuteko parada izan dute herritarrek gaurkoan, eta bat baino gehiago jarri da festa gosez Goiz-eresia edo Lolita entzutearekin batera.
GUKAk emanaldia osorik grabatu du, eta datozen egunetan izango da ikusgai.
Honako hauek izan dira eskaini dituzten abestiak.:
- Hungariar kanta
- Kaldereroen konpartsa
- Kaldereroen koruak II eta III
- Konpontzailea
- Mazurka
- Trapu zaharrak
- Txarri baten gibela
- Sasikoipetxu (Ostegun gizen)
- Goiz-eresia
- Lolita
- Sarralle buru haundi
- Bihotz eritua
- Iriyarena
- Pello Bixente
- Gora karnabalak, miamol!