Beste hiru puntu emakumeek, punturik ez gizonek

Aitziber Arzallus 2024ko ots. 5a, 10:52

Lagun Onakeko emakumeak Tolosaren kontrako partida hasi aurretik. (Utzitakoa)

Emakumeek 1-2 irabazi dute Tolosaren kontra; gizonek, ostera, 0-2 galdu dute Vitoriaren aurka. Biak ala biak sailkapeneko laugarren postuan dira bigarren itzuliko bigarren jardunaldia jokatuta.

Bolada onean jarraitzen du Lagun Onaken emakumeen lehen taldeak. Gipuzkoako Ohorezko Erregional mailan, bigarren itzuliko bigarren jardunaldia jokatu zuen atzo arratsaldean Tolosan, hango taldearen aurka, eta 1 eta 2ko emaitza erdietsita, beste hiru puntu etxeratzea lortu zuen Eguzkiñe Peñak gidatzen duen taldeak, atzokoan ere Joane Kortak sartutako bi goli esker.

Lehen minututik hasi ziren ondo Lagun Onakeko jokalariak, nola erasoan, hala defentsan, eta partida hasi eta minutu gutxira sartu zuten lehendabiziko gola, geldikako jokaldi batean. Hortik aurrera, lehen zati guztian zelaian nagusi izan zen Azpeitiko taldea; baloiaren jabetza berea izan zen eta baloia erraztasunez mugitu zuen batetik bestera. Bigarren zatia hasi eta gutxira sartu zuten bigarrena, ondo landuta dituzten beste geldikako jokaldi batean. Markagailuan 0 eta 2koa ikusteak, baina, nolabaiteko lasaitasuna eman zien, eta jokoan ere nabaritu zen hori. Hortik aurrera, intentsitate gutxiagoz jokatu zuten, baloiaren jabetza galdu egin zuten... eta partida bukatzeko zortzi minuturen faltan etorri zen Tolosaren gola, Lagun Onakekoek egindako akats baten ondotik. Dena dela, partida txukuna eginda eta garaipena lortuta, pozik etxeratu ziren. Gainera, sailkapenean postu bat aurreratzea lortu du Lagun Onakek, eta egun laugarren lekuan da, hirugarrenarengandik bi puntura. 

Gizonek, ostera, oraingoan ezin. Espainiako Hirugarren Mailan, bigarren itzuliko bigarren partida jokatu zuten larunbat arratsaldean, Garmendipen, Vitoriaren aurka, eta 0 eta 2 galdu zuten norgehiagoka. Jose Luis Riberaren taldeak lehen zatia bukatzear zela jaso zuten aurreneko gola, 42. minutuan; eta partida bukatzear zela bigarrena, 90. minutuan. Gainera, ordu erdi batez hamar lagunekin aritu zen Azpeitiko taldea, Haitz Lopezek bigarren txartel horia ikusi baitzuen 63. minutuan. Dena dela, oraindik ere sailkapenaren goiko postuetan jarraitzen du Lagun Onakek, laugarren lekuan, 33 punturekin.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide