Eliku nutrizio aholkularitzako Aitziber Aizpuruk etiketa nutrizionalak irakurtzen ikasteko saioa eskainiko du bihar. Azoka Plazan izango da ikastaroa, 18:00etatik 19:30era bitartean.
Ikastarora bertaratzen direnei "erabaki informatuak eta osasungarriak hartzeko beharrezko tresnak" emango zaizkie. Besteak beste, osagaien zerrendak eta balore nutrizionalak ulertzen, funtsezko elikagaiak identifikatzen, ezkutuko osagaiak ezagutzen eta elikagaien artean bereizten ikasiko dute bihar, elikadura aukerak hobetzeko helburuarekin.
Halaber, aholku praktikoak jasoko dituzte parte hartzen dutenek, eguneroko bizitzan ohitura osasungarriagoak txertatzeko. Hain zuzen, bizitza "orekatuago" eta "kontzienteago" bat izateko jarraitu beharreko bidea zein den erakutsiko zaie.
Eliku zentroak eta Elikaguneak elkarlanean antolatu dute ekimena, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Tailerra doakoa izango da eta izen ematea honako lotura honetan egin daiteke.