Elizkaleko etxebizitza tutelatuak, apirilean bizitzera sartzeko prest

Aitziber Arzallus 2024ko ots. 6a, 18:09

Leire Goenaga, Nagore Alkorta eta Edurne Zubia gaur, Elizkaleko etxe tutelatuetan. (Aitziber Arzallus)

Etxe horietan bizitzeko interesa duten adinekoek dagoeneko eman dezakete izena Gizarte Zerbitzuetan. Martxoan ate irekien saioa egitea aurreikusten dute.

Azpeitiko Udalak prest ditu Elizkaleko 24., 26. eta 28. zenbakietan eraiki dituen etxebizitza tutelatuak; apirilean bizitzera sartzeko moduan, hain zuzen. Autonomoak diren baina egunerokoari aurre egiteko zailtasun edo oztoporen bat duten adinekoentzat etxebizitzak izango dira, eta hainbat eratakoak izan daitezke oztopo horiek: bakarrik sentitzen direla, ohiko etxebizitza handiegia dela, irisgarritasun arazoak dituztela eta abar. Etxebizitza horietan bizitzeko interesa duten herritarrek, Gizarte Zerbitzuetara jo dezakete informazio bila eta han eman dezakete izena ere. Dena dela, martxoan ate irekien saio bat egitea aurreikusten dute etxebizitzak bertatik bertara ikusi ahal izateko. Behin eskaerak aztertuta, etxebizitza horietan bizitzeko egokienak izan daitezkeen herritarrak hautatuko dituzte, eta aurreikuspenak betetzera, apirilaren erdialdera bizitzera sartzeko moduan izango dira.

Lau solairuko eraikinean, hamabi etxebizitza atondu ditu udalak, zortzi logela bakarrekoak eta beste lauak bi logelatakoak; bakoitza sukalde, egongela, bainugela, balkoi eta trasteleku banarekin. Gehienak ezinduentzako egokituta daude, eta altzariz, etxetresnaz, telealarmaz eta bizitzeko beharrezko ekipamendu guztiarekin hornituta daude etxebizitza denak; etxerako arropa bakarrik falta zaie –kuxinak, maindireak eta abar–, norberak bere etxea bere gustura jantzi dezan. Etxebizitza guztiak betetzen direnean, gutxienez hamabi lagun eta gehienez 24 bizitzea aurreikusten dute. Beheko solairuan, berriz, askotariko erabilera izango duen gune bat izango dute, oraindik jantzi gabea, eta baita bi bulego eta itxarongela bat ere, Gizarte Zerbitzuetako langileentzat. Erabilera anitzeko gune hori eraikinean bizi diren herritarrek erabili ahal izango dute, baina herriko beste adinekoekin elkartzeko gune bat ere izango da, han antolatzen dituzten jardueren arabera.

Dagoeneko eraikina eta etxebizitzak ia guztiz atonduta, horiek aurkezteko agerraldia egin dute gaur Nagore Alkorta alkateak, Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuen batzordeburuak eta Edurne Zubia Gizarte Zerbitzuen arduradun teknikoak. Alkortak azaldu duenez, aurreikuspenen arabera, 2035. urtera bitartean, %7 haziko da Azpeitiko biztanleria; adinekoen kopurua, berriz, askoz gehiago; %20, hain zuzen. Era berean, 2031. urterako, lau azpeitiarretatik batek 65 urtetik gora izango ditu, hau da, adin horretatik gorako 3.900 bizilagun izango direla herrian. "Testuinguru berri baten aurrean jartzen gaituzte aurreikuspen horiek, ez bakarrik zaintza aldetik, baizik eta beste arlo askotatik ere bai: etxebizitzen ezaugarriak, adinekoen aisialdia… Dena birpentsatu beharko dugu". Udalak egoera demografiko berri hori "baikortasunez eta erronka moduan" hartzen duela nabarmendu du alkateak. "Gaur egun ere udalak hainbat baliabide eskaintzen ditu adinekoek ahalik eta bizi kalitate onena izan dezaten: etxez etxeko arreta integrala, eguneko zentroa... eta esku artean dugu egoitza berriaren proiektua ere. Eskaintza horren barruan, beste aukera bat izango dira etxe tutelatu hauek. Uste dugu aukera oso interesgarria direla, besteak beste, bakarrik bizi nahi ez dutenentzat edo beren etxeetan oztopo arkitektonikoak dituztenentzat".

Bizitza proiektu bat

Goenagaren esanetan, "zahartzarorako bizi proiektu bat egitea" gakoa izango da etorkizunean, eta bizi proiektu horri begira, aukera interesgarria izango dira Elizkaleko etxe tutelatuak. "Biziberri izena dute etxe hauek, eta izena bera ere adierazgarria da. Herriaren erdigunean daude etxeak eta hemen biziko diren adinekoak herriko komertzio eta azpiegitura gehienetatik gertu biziko dira, baita beren familia, lagun eta ingurune naturaletik gertu ere; gainera, etxe normal batzuetan biziko dira, beste etxeak bezalakoak baitira". Nabarmendu du etxe tutelatuetan bizi direnek modu independentean bizitzeko aukera izango dutela, baina egunero hiru orduz gizarte langile bat egongo dela haien zerbitzura, astean bitan psikologo bat eta garbitzaile bat ere bai, eta asteburuetan ere izango dutela laguntza.

Zubiaren hitzetan, "zainduta egotearen sentsazioa nahi izaten dute adinekoek, eta hori bermatzen dute etxe hauek". Azaldu du etxeak ez dituztela epe jakin baterako esleituko, mugarik gabe baizik, eta prezioei dagokienez, bakoitzaren diru sarrerak hartuko dituztela kontuan. Banakako apartamentuetan 300 eurotik 600ra artekoa izango da hileko kuota, eta pertsonako 195 eurotik 390era artekoa partekatuetan. Prezio horretan sartuta egongo dira argindarra, ura, wifia, eremu komunen garbiketa, etxeko elementuen mantenua eta hiru hilean behingo garbiketa orokorra, baita gizarte laguntza eta gainbegiraketa ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide