Azken kaleratzea salatzeko protesta egingo dute bihar San Martin egoitzako langileek

Maialen Etxaniz 2024ko ots. 7a, 10:23

San Martin egoitzan egin zuten elkarretaratzeko irudia. (Aitziber Arzallus)

19:00etan egingo dute elkarretaratzea plazan, Kaleratzerik ez lelopean. Zuzendaritzaren jarrera salatzeaz gainera, kaleratutako lankideari "erabateko babesa" adierazi nahi diote mobilizazioekin. Urtarrilean eman zuen Langile Batzordeak bat-bateko kaleratzearen berri. 

San Martin egoitzako langile baten bat-bateko kaleratzea salatzen jarraitzen dute egoitzako langileek. Bihar, ostegunez, Langile Batzordeak deituta, elkarretartzea egingo dute plazan 19:00etan hasita, Kaleratzerik ez lelopean. 

Urtarrilaren 19an eman zuten San Martin egoitzako langilearen kaleratzearen berri, egoitzaren aurrean egindako protestan. Egoitzako langileen ordezkarien arabera, urtarrilaren 12an lankide bat kaleratu zuen zuzendaritzak, "egun batetik bestera, legeak agintzen duen hamabost eguneko aurreabisurik eman gabe". Azaldu zutenez, zuzendaritzak "langilearen prestakuntza falta" argudiatuta egin du kaleratzea, "egoitzan lanean jardun den zortzi urteetan horren beharrik izan duenean". Gainera, azaldu dutenez, zuzendaritzak ez dauka lanpostu hori kentzeko edo desagerrarazteko asmorik. "Kaleratutako langilea beste batek ordezkatuko du, dagoeneko Matia Fundazioko langilea den batek".

Iazko irailetik Matia Fundazioak kudeatzen du San Martin egoitza. Aurrez, urtebete pasatxoan, 2022ko ekainetik iazko irailera artean, GSR enpresak zuen ardura hori, eta kudeatzailea aldatzearekin batera, Azpeitiko egoitzako zuzendaritzan ere aldaketak izan dira. "Gogorrak izaten ari dira azken urteak zaintza sektoreko langileontzat, ratioek itotzen gaituzte, soldatek ez digute eros ahalmena bermatzen, San Martinen aldaketa asko bizitzen ari gara kudeatzaile aldaketekin, eta orain, kaleratze hau etorri da". Haserrea sortu du horrek egoitzako gainontzeko langileengan: "Ez dugu ulertzen zertara datorren kaleratze hau". 

Zuzendaritzaren jarrera salatzeaz gainera, kaleratutako lankideari "erabateko babesa" adierazi nahi diote mobilizazioekin. "Horrelako gertaeren aurrean, elkar babestu eta enpleguaren defentsa egitea tokatzen zaigu, orain bat izan den bezala, hurrengoan beste edozeini tokatuko zaiolako". Egoitzako langileen ordezkariek garbi adierazi dute ez dutela onartuko "zuzendaritzaren inolako erasorik", eta kaleratutako lankidea berriz bere lanpostura itzultzeko beraien esku dagoen guztia egiteko prest daude.

Biharkoarekin egingo duten hirugarren kontzentrazioa da. Urtarrilaren 23an egin zuten bigarren elkarretaratzea, Azpeitiko plazan. 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide