Ramon Rubio, Iñigo Agirre, Iñaki Zubizarreta eta Iñaki Uria dira ISBren aste honetako omenduak

Intza Trula 2024ko ots. 7a, 16:22

Juaristi ISBren partida bateko irudia. (Mikel Amenabar)

ISBko lau lehendakari ohik aitortza jasoko dute larunbat honetako partidaren aurretik. Azpeitian jokatuko du Juaristi ISBk Zamora Enamora taldearen aurka, 18:00etan.

50. urteurreneko ekitaldiekin jarraituko du ISBk larunbat honetan, eta klubeko lehendakari izandako Ramon Rubio, Iñigo Agirre, Iñaki Zubizarreta eta Iñaki Uria omenduko dituzte. Zilarrezko LEB ligako liderra den Zamora Enamora taldea izango du aurrez aurre Juaristi ISBk, 18:00etan, Azpeitiko kiroldegian.

Hain zuzen, egun lehendakari karguan dagoen Mahier Lizasoren aurretik egondakoak dira aste honetako protagonistak. ISBren istorian lehendakarien lana "ezinbestekoa" izan dela dio klubak. "Guztiek egindako lanari esker 50 urte bete ditu klubak". 

Urtarrilaren 7an emakumeen zein gizonen talde aitzindariak omendu zituen ISBk. Urtarrilaren 21ean 2015ean LF2ra igotzea lortu zuen taldea izan zen aitortza jaso zuena. Urtarrilaren 28an, aldiz, 2005ean Espainiako EBA Ligara igotzea lortu zuen taldea omendu zuten. Joan den astean, hilaren 3an, Saskibaloiaren esparruan egindako lana aitortu zion ISBk Maixol Rezolari.

Halaber, New Yorkerako bidaiaren zozketa ere egingo dute larunbateko partidan. Zenbaki sarituez gainera bi ordezko aterako dira, eta irabazleek otsailaren 26ra arteko epea izango dute sariaren bila joateko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide