Aurtengo karnabaletan Sokamuturra argazki lehiaketaren 44. edizioa egingo dute, eta aurtengorako ere bi sariketa antolatu ditu Azpeitiko Argazki Elkarteak. Alde batetik, sokamuturreko zuri-beltzeko argazkien Imanol Elias sariketa egingo dute; eta bestetik, koloretan, karnabal giroko argazkien Iñaki Joaristi Altzarte saria banatuko dute.
Imanol Elias sariketarako argazkiak Elegante Eguneko, Astelehen Karnabaleko edota Astearte Karnabaleko sokamuturrean zuri-beltzean ateratakoak izan beharko dute, eta ezingo da fotomuntaketarik egin. Egile bakoitzak, gehienez, sokamuturreko bost argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara, eta horietako bakoitzak sari bakarra eskuratu ahal izango du, inauteri giroko sari berezia kontuan hartu gabe. Honako sari hauek banatuko ditu epaimahaiak: irabazleak 365 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarren sailkatzen denak, 235 euro eta garaikurra; hirugarrenak, 200 euro eta garaikurra; laugarrenak, 120 euro; eta bosgarrenak, 80 euro. Karnabal giroko Iñaki Joaristi Altzarte sarira koloretako argazkiak aurkeztu beharko dira, eta partaide bakoitzak gehienez bi irudi bidali ahal izango ditu. Haren irabazleak 150 euro eta oroigarria eskuratuko ditu.
Lanak, otsailaren 22rako
Argazkiak paperean entregatu beharko dira –20x30 zentimetro tamainan–, eta horien atzealdean argazkiaren izenburua, egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefonoa jarri beharko dituzte parte hartzaileek. Horrez gain, artxibo digitalean ere aurkeztu beharko dituzte irudiak. Azpeitiko Argazki Elkarteak azaldu duenez, baldintza horiek betetzen ez dituzten egileen argazkiak lehiaketatik kanpo geldituko dira. Lanak honako helbide honetara bidali beharko dira pakete edo gutun-azal itxi batean: Azpeitiko 326 Posta Kutxara edo Dinamoa sormen guneko argazki elkartearen egoitzara (Soreasu auzoa, 1. Dinamoa sormen gunea, lehen solairua).
Lehiaketan parte hartzen dutenek otsailaren 22ko 22:00etarako bidali beharko dituzte irudiak AAEra. Epaimahaia elkarteak izendatuko du, eta kide horiek erabakiko dute zein izango diren saritutako argazkiak. Sari banaketa ekitaldia, berriz, martxoaren 2an, larunbatez, egingo dute, 13:00etan, lehiaketako argazki erakusketa zabaltzearekin batera.
Saritutako argazkiak AAEren jabetzan geldituko dira, eta gainerakoak, hau da, saritu gabekoak, erakusketa itxi osteko hamabost egunen barruan jaso ahal izango dituzte egileek AAEren egoitzan. Bestalde, ohiturarekin jarraituz, lehiaketan parte hartzen duten kide guztiak afarira gonbidatuta daudela jakinarazi du elkarteak, eta irabazleek sariaren %25 beren afaria ordaintzeko baliatuko dutela eta gainerakoa norberak ordaindu beharko dutela adierazi du.
Argazki elkartearen oharra
Lehiaketan parte hartu nahi duten herritarrentzat ohar bat ere jakinarazi du Azpeitiko Argazki Elkarteak. Antolatzaile taldeak adierazi duenez, ez dute beren gain hartuko ekintza garatzen den bitartean partaideek, ekipoek edota ondasunek izan ditzaketen kalteak. "Ekintzan parte hartzen dutenak izango dira beren buruaren, argazki ekipoen eta ondasunen arduradun bakarrak, baita ekintza garatzean hirugarrengoei eta bere ondasunei sor lekizkiekeen kalteenak ere. Ekintza honetan parte hartzeak berekin dakar arauok erabat onartzea", nabarmendu dute.