Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Hezkuntza Lege berria izan zuen hizpide atzo, hilak 7, Azpeitiko Batzokian. Jende ugari bertaratu zen Munoaundi elkarteak antolatutako solasaldira, Hezkuntza sailburuak eta haren taldeak emandako azalpenak entzutera. Azken hilabeteetan aktualitatearen fokuan izan da EAEko Hezkuntza Legea, eta horren inguruko jakingarri guztiak azaldu zituzten atzokoan. Alde batetik, legeak egindako ibilbidea errepasatu zuen, eta, bestetik, legeak jasotzen dituen xehetasunak eta dituen ezaugarriak aipatu zituen. Era berean, sortutako jakin-minei, kezkei eta galderei erantzun zien Bildarratzen taldeak. Azpeitiko jeltzaleak eskertuta agertu dira solasaldiak izandako harrerarekin. "Eskerrak Jokin eta bere taldeari, eta baita bertaratu diren herritar zein alderdikideei", adierazi du Azpeitiko EAJk sare sozialetan.
Iazko abenduan onartu zuen Legebiltzarrak Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legea, EAJren eta PSE-EEren botoekin. Pozik agertu zen Bildarratz akordioa itxi bezain pronto: "Zailtasunak izan ditugu, baina lortu dugu: euskal gizarteak merezi eta nahi duen hezkuntza legea. Legea guztiona da. Horrela sentitu dezan eskaintzen zaio hezkuntza komunitateari. Hezkuntza komunitateak berak eskatu zizkigun hitzarmena eta legea. Azkenean emandako botoa gorabehera, hezkuntza hitzarmenak eta hezkuntza lege berriak babes sendoa, sakona eta zabala daukate".