Inauteriak 2024

Lurraldebuseko autobus zerbitzuetan aldaketak eta gaueko zerbitzuak izango dira karnabaletan

Nerea Uranga 2024ko ots. 8a, 11:41

Autobusa.

Azpeitian Julian Elorza kaleko, Tren Museoaren aurreko eta anbulatorioko autobus geltokiak bertan behera utziko dituzte, igande, astelehen eta astearte arratsaldeetan. Astelehen gauean, berriz, gaueko autobus bereziak jarriko dituzte Azpeitia eta Azkoitia eta Azpeitia, Zestoa eta Zumaia artean. Donostian, zapatuan, geltoki bakarra izango dute arratsaldeko hainbat zerbitzuk.

Jai, astelehen eta astearte karnabalean Azpeitian Julian Elorza kaleko, Tren Museoaren aurreko eta anbulatorioko autobus geltokiak bertan behera utziko dituzte, 16:30etik 20:00etara artean. Tarte horretan autobusek Enparangain parean, saihesbidean, egingo dute geldialdia.

Azkoitia eta Donostia arteko autobusek larunbatean aldaketak izango dituzte Donostian. Azkoititik 14:45etik 19:45era arteko autobusek eta Donostiatik 15:05etik 21:05era artean irteten dutenek Donostian autobus geltokian bakarrik geldituko dira. Donostiatik ateratzen direnak irteera ordutik aurrera 15 minutuz egongo dira zain geltokian.

Zumaia-Zestoa-Azpeitia-Azkoitia-Urretxu-Zumarraga arteko UK06 zerbitzua indartu egingo dute Azpeitiko karnabalak direla eta. Hala, igandean, bi noranzkoetako autobus zerbitzuak 23:00ak arte luzatuko dituzte.

Astelehenean gaueko zerbitzuak

Astelehen Karnabalean gaueko autobus zerbitzua jarriko dute Azpeitia eta Azkoitia artean eta Azpeitia, Zestoa eta Zumaia bitartean.

Azpeititik (anbulatorio aurretik) Azkoitira 02:00etan, 03:00etan, 05:00etan eta 06:20an irtengo dute autobusek.

Zestoarako eta Zumaiako autobusek, berriz, Azpeititik irtengo dute 01:00etan, 02:30ean, 04:00etan eta 06:15ean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide