Beste protesta bat, San Martin egoitzako langilearen kaleratzea salatzeko

Ihintza Elustondo 2024ko ots. 9a, 08:30

San Martin egoitzako hainbat langile, atzo, Azpeitiko plazan egindako elkarretaratzean. (Ihintza Elustondo)

San Martin egoitzako langile bat "egun batetik bestera" kaleratu dutela eta gertaera ez dutela "ulertzen" salatzeko, hirugarren mobilizazioa egin dute egoitzako langileek plazan, Langile Batzordeak deituta. San Martin egoitzan kaleratzerik ez lelodun pankartaren atzean elkartu dira.

San Martin egoitzako langile baten kaleratzea salatzeko protestak egiten ari dira azken boladan egoitzako langileak, eta atzo, osteguna, elkarretaratzea egin zuten plazan, Langile Batzordeak deituta. 19:00etan elkartu ziren, San Martin egoitzan kaleratzerik ez leloa zeraman pankartaren atzean. Orain arte egin duten hirugarren mobilizazioa izan zen atzokoa; urtarrilaren 19an eta 23an egin zituzten aurreko biak.

Urtarrilaren 19an eman zuten San Martin egoitzako langilearen kaleratzearen berri, egoitzaren aurrean egindako protestan. Egoitzako langileen ordezkarien arabera, urtarrilaren 12an lankide bat kaleratu zuen zuzendaritzak, "egun batetik bestera, legeak agintzen duen hamabost eguneko aurreabisurik eman gabe". Azaldu zutenez, zuzendaritzak "langilearen prestakuntza falta" argudiatuta egin du kaleratzea, "egoitzan lanean jardun den zortzi urteetan horren beharrik izan ez duenean". Gainera, azaldu dutenez, zuzendaritzak ez dauka lanpostu hori kentzeko edo desagerrarazteko asmorik. "Kaleratutako langilea beste batek ordezkatuko du, dagoeneko Matia Fundazioko langilea den batek".

"Ez dugu ulertzen"

Iazko irailetik Matia Fundazioak kudeatzen du San Martin egoitza. Aurrez, urtebete pasatxoan, 2022ko ekainetik iazko irailera artean, GSR enpresak zuen ardura hori, eta kudeatzailea aldatzearekin batera, Azpeitiko egoitzako zuzendaritzan ere aldaketak izan dira. "Gogorrak izaten ari dira azken urteak zaintza sektoreko langileontzat, ratioek itotzen gaituzte, soldatek ez digute eros ahalmena bermatzen, San Martinen aldaketa asko bizitzen ari gara kudeatzaile aldaketekin, eta orain, kaleratze hau etorri da". Haserrea sortu du horrek egoitzako gainontzeko langileengan: "Ez dugu ulertzen zertara datorren kaleratze hau". 

Zuzendaritzaren jarrera salatzeaz gainera, kaleratutako lankideari "erabateko babesa" adierazi nahi diote mobilizazioekin. "Horrelako gertaeren aurrean, elkar babestu eta enpleguaren defentsa egitea tokatzen zaigu, orain bat izan den bezala, hurrengoan beste edozeini tokatuko zaiolako". Egoitzako langileen ordezkariek garbi adierazi dute ez dutela onartuko "zuzendaritzaren inolako erasorik", eta kaleratutako lankidea berriz bere lanpostura itzultzeko beraien esku dagoen guztia egiteko prest daude.

(I. E.)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide