Inauteriak 2024

Ana Asiain: "Urte osoan izaten ditut karnabalak presente"

Ane Olaizola 2024ko ots. 9a, 09:56

Ana Asiain, Maleficaz mozorrotuta. (Utzitakoa)

Inauterizaleak direnek odolean daramate jai horien sena, eta Ana Asiain (Azpeitia, 1977) da horren adibide; ez du hutsik egiten Azkoitiko eta Azpeitiko karnabaletan, ezta haren mozorroek ere.

Zer plan duzu aurtengo inauterietarako?

Gaurko egunean inoiz mozorrotu izan naiz umeekin Azkoitian, baina normalean ez dut egiten. Inauterietako larunbatean, berriz, familian mozorrotu eta egunez kalean ibiltzen gara. Goiz erretiratzen naiz etxera, eta Jai Karnabalean, etxean lasai bazkaldu eta gero, Azpeitiko Elegante Egunera joaten naiz. Orduan ere saiatzen naiz goiz etxeratzen, hurrengo egunean umeekin joaten naizelako Azpeitira, hango desfilean irtetera. Arratsaldean, umeak amaren etxean utzi eta kalera ateratzen naiz, batzuetan beste mozorro bat jantzita.

Zenbat mozorro janzten dituzu urte bakarrean?

Hiru, eta Elegante Egunekoa kontuan hartuta, lau. Baina astelehenean egunez janzten dudan mozorroa ez da oso berezia izaten; gauekoarekin lan gehiago hartzen dut.

Nondik datorkizu karnabaletarako zaletasuna?

Umetatik jaso dudala esango nuke. Haurra nintzenean, bizilagun batzuen etxera joaten ginen, eta haien arropak jantzita ibiltzen ginen. Amonaren etxean ere makillatzea asko gustatzen zitzaidan. Horrez gain, gure aita ere betidanik izan da karnabalzalea. Gogoratzen naiz goiko bizilaguna etortzen zela etxera. Biek ergelarena egiten zuten, argazkiak ateratzen genituen, eta kalera joaten ziren haiek, beti neskaz jantzita. 
Etxean, karnabalak ederrak izaten ziren. Anaiari ere pila bat gustatzen zaizkio festa hauek. Arropa zaharrez betetako kaxak ditugu etxean, eta urte osoa egoten gara inauteriei begira. Inon zerbait berezia ikusten badugu, karnabaletarako aproposa izan daitekeela pentsatzen dugu. Urte osoan izaten ditut presente.

Nondik inguratzen dituzu mozorro guztiak?

Askotan, daukadan zerbaitetik abiatzen naiz mozorro bat sortzeko. Horretarako, arropak erabiltzea gustatzen zait, eta ez erositako mozorroak. Beraz, bigarren eskuko dendetara eta Emaus fundaziora joan izan naiz batzuetan. Lagunei ere eskatzen dizkiet jantziak edo osagarriak.

Eskuz sortzen al duzu zerbait?

Gutxi. Adibidez, Cruella de Vilez hiru aldiz mozorrotu naiz, eta horretarako, aurrez nuen gerriko zabal bat egokitu nuen, tela desberdinekin forratuta. Halakoak egiten ditut, baina ez ditut jantziak josten.

Azkoitiko eta Azpeitiko inauteriak gertutik ezagutzen dituzu. Jakinekoa da Azpeitiko karnabalek sona handiagoa dutela Azkoitikoek baino, baina bakoitzak zer ezaugarri dituela esango zenuke?

Batean eta bestean bizitzen dudana desberdina da; Azpeitian, astelehen gaueko festa da niretzat ederrena, gehiena bizitzen dudana. Azkoitian, berriz, egunez ateratzen gara, familia giroan. Beraz, ez dakit biak konparagarriak al diren, baina egia da Azkoitian, azken urteetan, indar handia hartu dutela karnabalek. Gazteak ginenean, Azkoitian ere ateratzen ginen larunbat gauez, eta orduan, jendeak ez zituen horrenbeste prestatzen mozorroak. Gaur egun, garrantzia hartu dute karnabalek, eta jendeak landu egiten ditu mozorroak. Azpeitian ere batzuek lan ikaragarria hartzen dute mozorroak prestatzerakoan; gozatu egiten dut besteenak ikusten.

Asiain, Fester Addamsen mozorroarekin. (Utzitakoa)

Zein da orain arte jantzi duzun mozorrorik adierazgarriena?

Lanik gehiena Maleficaren mozorroarekin hartu nuen. Izugarrizko lana hartu nuen adarrak zein bastoia egiten. Bastoiari bola bat jarri nion, eta hark lurrean kolpea ematean argia egiten zuen. Baina nekatu ere egin nintzen mozorro hura egiterakoan, eta pentsatu nuen: "Hurrengo urtean bainujantzitan aterako naiz!". Eta bainujantzitan atera nintzen, baina beti gertatzen zaidan bezala, arropa hari gauza bat eta bestea eransten amaitu nuen orduan ere. Arropei gehitzeko beti okurritzen zait zerbait.

Malefica eta Cruella de Vil aitatu dituzu. Pertsonaia gaiztoez mozorrotzea gustatzen al zaizu?

Ez bereziki. Normalean, mozorrotzen naizenean esaten didate zatar nagoela. Nire berezko itxura aldatzen duten mozorroak sortzea gustatzen zait, baita makillatzea ere. Lehen, makillajeari ez nion horrenbesteko garrantzirik ematen, baina azken urteetan Interneten tutorial mordo bat dagoenez, handik hartzen ditut makillajearen ideiak.

Parte hartzen al duzu mozorro lehiaketetan?

Normalean, ez. Gaztetan, 15-16 urterekin, kuadrillan mozorrotuta ateratzen ginenean, pare bat aldiz jaso genuen sariren bat. Ordutik, ordea, ez dut parte hartu lehiaketetan, nahiago dut neure erara ibiltzea. Maleficaz jantzi nintzen urte hartan pentsatu nuen lehiaketan parte hartzea, baina plazan neu bakarrik antzerkia egiten ibiltzeak ez dit grazia handirik egiten. Gainera, kalera irteten naizenean eta besteen mozorroak ikusten ditudanean, ez zait iruditzen besteak baino askoz hobeto nagoenik.

Zein izango da aurtengo mozorro izarra?

Barbie eta Ken, zalantzarik gabe. Filma ikusi nuenean pentsatu nuen aurten Barbiez mozorrotu nintekeela, baina uste dut jende asko mozorrotuko dela pertsonaia horretaz. Dena den, Adams familiaz mozorrotu ginen etxekoak iaz, eta pentsatu nuen urte hartan Wednesday pertsonaiaz jende ugari mozorrotuko zela, baina Azpeitian behintzat oso gutxi ikusi nituen.

Zertaz mozorrotuko zara zu?

Bihar, punki jantziko gara familiakoak, eta astelehenean manboko erregez. Etxean daukagun txaketa bat urtero janzten du inguruko norbaitek, eta aurten nik jantziko dut. Hortik abiatuta, ateratzen zaidana jantziko dut, ez dut ezer zehaztuta oraingoz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide