Karnabalen zati bat behinik behin bustitik joango da aurten, eguraldiaren iragarpenak hutsik egiten ez badu; eta euriak eragingo du, hain zuzen ere, festetako lehen aldaketa.
Ostegun Gizen iluntzeko festa eta gero, Azpeitiko Ikastola Ikasberriren euskal inauterien jaialdia izango da karnabaletako hurrengo hitzordua, gaur arratsaldean. Kalez kale ibiltzen dira Ikasberrikoak urtero, 18:00etan San Martin egoitza aurretik irten eta 20:00 aldera plazan bukatzeko, baina aurten aterpean egingo dute festa, desfilearen ordurako euria iragarrita baitago. Horrela, lehen ere inoiz egin izan duten bezala, aurtengo euskal inauterien jaialdia Izarraitz pilotalekuan egingo dute Ikasberrikoek, 18:30ean hasita.
18:00etan ateri bada, ordu erdi inguruko kalejira egingo dute frontoiko emanaldiaren aurretik; baina ordu horretan euria ari badu, 18:30erako zuzenean Izarraitzera joango dira ikuskizunean parte hartuko duten ikasle, irakasle eta gurasoak.