Inauteriak 2024

Dotore jantzi dira azpeitiarrak Jai Karnabalean

Iraia Oteiza 2024ko ots. 11a, 14:50

Gaur, Jai Karnabalez, Elegante Eguna ospatzen ari dira azpeitiarrak. Eguerditik dotore jantzita ibili da jendea kaleetan barrena.

Dotore jantzeko eguna dute gaur Azpeitian. Eguerdi aldean elegante jantzitako herritarrekin bete dira Alde Zaharreko kaleak eta herriko plaza. Eguerdira artekoa musikariek girotu dute, Izarraitz txistulari taldearen dianaren ondoren, Udal Musika Bandakoak, banda gaztea, Antxietako musika eskolako txilibiteroak eta Arrasateko gaiteroak ibili dira kalerik kale. Eguerdiko hamabietan zezena atera dute, eta sokamuturra izan da herriko plazan. Zezena erretiratu ostean, Itsasikoek Elegante Eguneko artzain-inudeen kalejira egin dute, danbor jotzaile taldeak eta karrozak lagunduta. Festak, baina, egun osoan zehar izango du jarraipena.

Arratsaldeko egitaraua

  • 16:15. Zezenaren irteera girotuko dute Arrasateko gaiteroek eta Udal Musika Bandako kideek. Ondoren, Izarraitz txistulari taldeak zezenak egingo duen ibilbide bera egingo du, kalez kale txistua joz.
  • 16:30. Sokamuturra. Ganadutegia: Bergarako zezenak.
  • 17:00. Zientzialariak antzerkia, Azoka Plazan.
  • 19:30. Gauerdi txarangaren emanaldia kaleetan zehar. Josu Rodriguez DJaren emanaldia, plazan.
  • 20:00. Rockalean elektrotxarangaren emanaldia herriko kaleetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide